Izetaren eskola Ostolazarenaren aurka

Karkara 2015ko mai. 22a, 08:01

Zarauzko Izeta III.ren eskolakoak eta Aia eta Orioko Joseba Ostolazaren eskolakoak desafioa egingo dute larunbat honetan, maiatzaren 23an, 18:30ean.

Bailaran, herri kiroletako zaletasuna handia izan da betidanik eta horren isla da kilometro gutxiren bueltan bi harri-jasotzaile eskola egotea. Bi eskola horien desafioa izango da larunbat honetan, maiatzaren 23an, 18:30ean hasita.

Aian da desafioa. Etxean izango dira batzuk; Joseba Ostolazaren eskolakoak, alegia. Ostolaza bera, Eizmendi, Kortaberri, Urrutia, Maiza, Galarraga Martiko eta Mujika dira Aiako eta Orioko eskolako harri-jasotzaileak. Binaka arituko dira, eskola bakoitzeko harri-jasotzaile bana aurrez aurre. Bikote bakoitzak erabiliko duen harria desberdina izango da, eta, bikote bakoitzak bi txanda egingo ditu. 

Aimar Galarragak esan duenez, bera kide den taldea irabaztera doa, normala den bezala. Hori bai, lehia oso gogorra eta estua izango dela jakinarazi du. Desafioari begira, astean bi entrenamendu gogor egiten dituztela azaldu du, hau da, azken hilabetean astean bitan elkartzen direla. 

Ostolazaren eskola bezala, Izetarena ere irabaztera doa. Lehia bizia izango da, lagunartekoa baina lehiakorra. Kontuan hartu beharrekoak dira, besteak beste, Agustin Iruretagoienaren eta Ostolazaren arteko lehia. 200 kilogramoko harriarekin arituko dira, eta, Iruretagoienak 51 urterekin egingo du harri hori jasotzeko saiakera. Ostolazak bizkarrean 16 urterekin jaso zuen lehen aldiz 200 kiloko harria, duela 25 urte. Lesioak medio, urtebete darama harri hori heldu gabe. Joxe Ramon Iruretagoiena ere lesionatuta ibili da, eta beretzat berria den modalitate batekin itzultzen da plazara, 100 kiloko kopa esku batekin jasotzen saiatuko da. Aukariak, Martikorenak, bi eskukin jasoko du.

Horrez gain, Mujikarentzat ere egun berezia izango da larunbatekoa. Mujikaren estreinaldia izango baita, etxekoen aurrean egingo du bere lehen agerraldia. Hasi berria denez, harriaren pisuan abantaila txiki bat eman dio aurkari izango duen Zarauzko Olaizolak. Mujikak 87,5 kilo jaso beharko ditu eta Olaizolak 100 kilo.

Idoia Etxeberriak erakustaldia egingo du

Izetaren eskolan emakumerik ez dagoenez, Etxeberria ez da desafioan lehiatuko eta bere erakustaldia egingo du. 140  kiloko errektangularrarekin arituko da. Aurten ere erakustaldi eta marka saiakera batzuk egiteko asmoa dauka Etxeberriak, eta larunbatean ere horretan ahaleginduko da. 

Horrez gain, harri-jasotzaile eskolan oso giro ona dutela azpimarratu du Etxeberriak; eta, honela, entrenatzera joateak gustua ematen duela gaineratu du.

Desafioa eta erakustaldiaz gain, ekitaldiaren amaieran, agur berezi bat egongo dela iragarri dute antolatzaileek. Eta, sarrerekin batera bi lagunentzako afaria zozkatuko dela ere gogorarazi dute. Sarrerak 10 euroko prezioa izango du eta egunean bertan erosi ahal izango da.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide