Bat irabazi eta bestea galdu

Karkara 2015ko mai. 21a, 07:41

Bi partida jokatu ditu OBBk asteburuan, Valentziaren aurka. Lehendabizikoa irabazi egin du eta bigarrena galdu.

Asteburu honetan OBB sofbol taldeak Valentziara bidaiatu du Liga Nazionaleko azken faseko bigarren jardunaldia jokatzera. Antorcha taldearen aurka neurtu dituzte beren indarrak. Ohi bezala bi partida jokatu dituzte, bata larunbatean eta bestea igandean.

Lehenengo partidan, bi taldeek nahiko maila parekatua erakutsi zuten. Baina, Yusmeri Pacheco jaurtitzailearen lan paregabeari eta taldearen defentsari esker, oriotarrak markagailuan aurreratu ziren. Oriotarrek laugarren sarrerara arte ez zuten karrerarik lortu, baina behin lehenengo puntua lortuta, partiduaren erritmoa hautsi zuten.

Jarraian talde horiak bigarren karrera lortu zuen, markagailuan 2 puntuko aldea lortu zuten horrela. Baina,a etxeko taldeak ez zuen amore eman eta gogor estutu zituzten euskaldunak. Hala ere, valentziarren ahalegina bertan behera gelditu zen, ez baitzuten oriotarrak gailentzea lortu. Lehenengo partida 2-1 emaitzarekin amaitu zen oriotarren alde.

Bigarren partidan ere, oriotarrak gogor hasi ziren lanean. Lehenengo sarreran lau karrera sartu zituzten. Hala ere, etxeko taldeak ez zuen etsi eta erasoan izan zituzten aukerak aprobetxatu zituzten. Sei karrera sartu zituzten. Pixkanaka etxeko taldea markagailuan aldentzen joan zen, baina, dena den, Orioko neskek hortzak erakutsi zituzten.  Markagailuan valentziarrengana hurbildu ziren, gerturatu, baina valentziarren eraso konstatnearen ondorioz, partida 11-6 emaitzarekin amaitu zen. Valentziarrek irabazi zuten.

Aipatzekoa da Ainara Larraxak pitxeoan egindako lana, baita Diamela Puentes, Meritxell Muñio eta Silvia Barrigak erasoan eginikoa ere; bakoitzak 2 hit eman baitzituen.

Igande honetan, Orioko Bate Bizkorrek Atletico San Sebastianen aurka jokatuko dute, etxetik kanpo. Derbia izango da, hortaz, asteburuan, Donostian.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide