Atxega eta Zubizarreta podiumean

Karkara 2015ko mai. 20a, 13:47

Argazkia: Ni Ne

Euskal bodyboard zirkuitoaren lehen proba jokatu zen igandean, Donostiako Zurriola hondartzan. Bi oriotarrak podiumera igo ziren, bigarren eta hirugarren egin baitzuten.

Igandean, goizean goiz hasi zen bodyboard txapelketa. Hasieratik fin aritu ziren Mikel Atxega eta Unai Zubizarreta. Eta, amaitu ere horrela egin zuten, final txukuna eginda.

Bi oriotarrak finalaurrekoetan hasi zuten txapelketa. Aurreko urteko emaitzengatik final erdietan heldu genion txapelketari, azaldu du Zubizarretak. Baina, dena den, urduri zeuden, txapelketa guztietan bezala. Urduritasunak kontrolatzea lortu zuten, ordea, eta konfiantza irabazten joan ziren.

Atxegak azaldu duenez, finalerdiak puntuazio altuekin hasi zuen. Zubizarretaren finalaurrekoa parekatsua izan zen. Bukaerara arte oso parean ibili ginen; diferentzia markatzeko olatu bat behar nuen, eta, azkenean, etorri zitzaidan puntuazio polita lortzeko olatua. Ondo aprobetxatu zuen aukera Zubizarretak.

Finalera sailkatu ziren biak. Axegak ez zituen oso olatu onak izan finalean, eta baldintzak behartuta, ez zen oso eroso sentitu. Zubizarreta ere ez zen oso gustura gelditu egindako lanarekin. Uretatik amorratuta atera zen. Dena den, sentsazioak guztiz onak izan ez arren, sailkapenean lortutako emaitza ona da oriotarrentzat. Emaitza nahiko ongi dago, zirkituituari hasiera ona eman diogu, azaldu du Atxegak, eta gaineratu du Zubizarretak: Nahiz eta bietako inork ez lortu lehenengo postua, finala lagunaren aurka jokatzea bezalakorik ez dago. Gustua ematen du lagunarekin horrelako norgehiagoka batean ibiltzea.
 
Euskal bodyboard zirkuituaren lehen zita izan zen igandekoa. Oraindik beste bi txapelketa ditugu tituluarengatik borrokatzeko, eta ahal dudan onena ematen saiatuko naiz, aitortu du Atxegak. Zubizarreta ere dena ematera joango da. 
 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide