Lehenengo itzulia amaituko eta bigarrena hasi

Karkara 2015ko mai. 15a, 08:35

Bertso Txapelketarako sailkapen faseko zortzi saio jokatuko dira asteburu honetan. Oriotarrek hartuko dute parte.

Gipuzkoa Bertsotan txapelketako bigarren asteburura ailegatuko da, lehenengo itzulia amaitu eta
bigarrena hasiko da. Antzuolan eta Idiazabalen, larunbatean; eta, Hernanin eta Bergaran, igandean. Bina saio jokatuko dituzte egun bakoitzean. Osotara, 48 bertsolari igoko dira oholtzara. Saioetarako sarrerak egun berean egongo dira salgai, aretoetan bertan.

Larunbatean lau saio jokatuko dira, Antzuolan eta Zaldibian bina. Antzuolan Torresoroa aretoan izango dira saioak, Inaxio Usarralde Arantzadik aurkeztuta; lehendabizikoa goizeko 11:30ean eta arratsaldekoa 17:30ean. Goizeko saioan Iñaki Gurrutxaga oriotarrak hartuko du parte Julen Agirre, Iñaki Zelaia, Aitor Salegi, Mikel Tapia eta Arkaitz Oiartzabalekin batera.

Arratsaldeko saioan Egoitz Eizagirre arituko da bertsotan Eli Pagola, Adur Gorostidi, Asier Sasieta, Unai Mendizabal eta Txomin Azpirozekin batera.

Larunbata - Antzuola - goizeko 11:30

Julen Agirre Agirrezabal
Iñaki Zelaia Irazusta
Aitor Salegi Martija
Mikel Tapia Aierbe
Arkaitz Oiartzabal Agirre
Iñaki Gurrutxaga Zubimendi

Larunbata - Antzuola - arratsaldeko 17:30

Egoitz Eizagirre Aduriz
Eli Pagola Apezetxea
Adur Gorostidi Urkia
Asier Sasieta Barrenetxea
Unai Mendizabal Jauregi
Txomin Azpiroz De Pedro

Zaldibian, berriz, herriko antzokian izango dira saioak eta Saroi Jauregi Aiestaranek aurkeztuko ditu. Ordu berean izango dira bai goizekoa, bai arratsaldekoa; 11:30ean eta 17:30ean hurrenez hurren. Arratsaldeko saioan Imanol Lizarazu igeldoarrak hartuko du parte. Errikotxiako kide da bera.

Igandean beste lau saio

Batetik, Hernaniko Sandiusterri aretoan bi saio jokatuko dira, Imanol Artola Arretxek aurkeztuta. Bi saio horiek amaiera emango diote Gipuzkoa Bertsotanen lehen itzuliari. Egun berean, Bergaran, bigarren itzulia hasiko da. Goizean eta arratsaldean bi saio jokatuko dira Zabalotegi aretoan. Iban Narbaiza Cevidanesek egingo ditu aurkezle lanak goizean eta Itziar Etxezarreta Arakistainek, arratsaldez. Igandeko saioetan ez dute oriotarrek parte hartuko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide