Beren lekura itzultzeko ametsa

Karkara 2015ko mai. 15a, 14:40

Jon Azkue jokalari den Bidasoa taldeak berriz ere Asobal Ligan jokatu lezake datorren urtean. Play offak jokatzeko sailkatu dira eta konfiantzaz beteta daude, momentu onenean.

Oraindik liga ari da jokatzen Bidasoa, baina buruan play offa daukate. Jardunaldi baten faltan sailkatuta daude jada, eta maiatzaren 30ean eta 31n jokatuko dute. Animoso daude, ilusioarekin. Berriz Asobal Ligara bueltatu nahi dute.

Sailkatuta dauden arren, urtea ez da erraza izan Bidasoako taldearentzat. Hasieran batez ere, taldea %80an berria baitzen. Kosta egiten da hastea, baina pare bat garaipen lortu genituen eta jarrera aldaketa izan genuen, azaldu du Jon Azkue Bidasoako jokalariak. Konfiantzak berebiziko garrantzia du. Behin garaipenak lortuta taldea sendotu egin zen eta garaipen gehiago pilatzen joan ziren. Orain, play offaren atarian, konfiantzaz gainezka.
Momentu onean gaude, ea zorte pixka bat daukagun eta berriz ere Asobal Ligara bueltatzea lortzen dugun, aitortu du Azkuek. Ligako azken partida asteburu honetan izango da, Irunen, eta play offa maiatzaren 30ean eta 31n izango da, Santanderren.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide