Gizonezkoen lehen maila nazionaleko lauko finalean gehien merezi zuen taldeak lortu du igoera eta datorren urtean EBA ligan jokatzeko txartela: Leihoak Zarautz saskibaloi taldeak. Donostian jokatu zuten azken fasea, eta larunbatean, finalerdietan, Universidad Deusto Loiola Indautxu taldea mendean (55-63) hartu ondoren, Atletico San Sebastian taldearen aurka neurtu zituen indarrak atzoko finalean.
Larunbatekoan urduritasuna izan zen nagusi. Inork porrota jasan nahi ez duen horietako norgehiagoka izan zen, eta hor Eneko Landaren taldeak gehiago zela erakutsi zuen. Bizkaitarrak ez ziren behar bezain ongi defendatzeko gai izan, eta norgehiagoka guztian atzetik izan ziren Deustuko deabru gorriak. Azken laurdenera berdinduta iritsi ziren, baina zarauztarrek kastaz bukaera arte lanean jarraitu zuten. Azken minutuetan bilbotarren ezinegonak, eraso azkarrek eta jaurtiketa libreek Leihoaken merezitako garaipena ekarri zuten.
Igandeko finalean ustekabekoa eman zuten gure mutilek. Donostiako Atléticok etxean jokatzen zuen eta faborito gisa iritsi ziren lauko finalera. Behetik gorako bidean 2. bukatu zuten Luis Comendadorrenek liga erregularra. Leihoakek, ordea, in-extremis lortu zuen igoera lehiatzeko txartela.
Erritmo altua eta intentsitate handia izan zen lehen minutuetan. Saskiraketak batean eta bestean geratu gabe. Beñat Jauregiren lehen minutuak nabarmentzekoak izan ziren erasoan. Ia modu jarraituan 9 puntu saskiratu zituen pibot zarauztarrak. Lehen hamar minutuak bukatzean, 19-18 ziren aurretik donostiarrak.
Bigarren laurdenean, ordea, uztaipeko jokoan oinarritu eta nagusitasuna erakutsi zuten Eneko Landaren mutilek. Donostiarrek, gainera, ez zuten kanpoko jaurtiketekin gehiegi asmatu eta, horrela, 34-42ko markagailuarekin joan ziren aldagelara bi taldeak. Zarauzko zaletuen artean ilusioa geroz eta handiagoa nabaritzen zen, ametsa betetzeko bidean baitzen taldea.
Atsedenalditik bueltan, antzerako bidean jarraitu zuen partidak. Donostiarrek ez zuten etsitzen eta markagailuan zerbait gerturatzen ziren bakoitzean, zarauztarrek erantzun azkarra ematen zieten jokoari. Hala, diferentzia handituz joan ziren zarauztarrak minutuz minutu (55-64 laurdenaren bukaeran).
Azken hamar minutuetan urduritasuna eta gozamena uztartu zituzten Leihoakeko mutilek. Lehen minutuetan markagailuari eustea zen helburua eta gogor egin zuten lan. Hala, 15 punturainoko abantailak izan zituzten eta azken 3 minutuak gozatzeko erabili zituzten. Jokaldi politak ikusi ahal izan ziren Aieteko kiroldegian.
Hala, bukaeran 75-85 irabazi zuen Leihoak Zarautzek Donostiako Atléticoren etxean eta datorren urtean EBA ligan jokatzeko txartela eskuratu zuten Eneko Landaren mutilek. Urte guztian gogor landutako helburua erdietsi dute, beraz, ZASTeko jokalariek.