Umorez margotutako hausnarketak

Karkara 2015ko mai. 12a, 07:41

100 metro karratutan, baina mugarik gabe. Umorearen eta dramaren arteko mugarekin jolasten du Juan Carlos Rubiok idatzitako eta Begoña Bilbaok zuzenduta 100 metro karratu antzezlanak.

Entretenigarria, freskoa, atsegina, arina; baina ez azalekoa. Sakona. Pasa den ostiralean, Orioko kultur etxean, herrian bertan, Lolaren azalean sartu zen Iñake Irastorza. 100 metro karratu antzezlanean aritu zen aktore lanetan eta herritar askoren ahotan irribarrea marrazteaz lortu zuen. Baina, horrez gain, ikuslearen barru-barruan, hausnarketarako galderak ere sorrarazi zituzten.

Bizitza bezala, batzuetan negar egiten puntuan eta beste batzuetan umoretsu. Horrelakoa da, bizitzaren parekoa, 100 metro karratu antzezlana. Umorearekin margotzen dituzte egunerokotasunean ditugun hainbat mamu, beldur. Ondo pasatzera gonbidatzen du, atzean hausnarketa bat duela. Galderak egiten ditu, behin obra amaitu, argiak piztu, eta buruan bizi-bizi jarraitzen duten galderak.

Iñake Irastorzarekin batera Ana Elordi eta Ramon Agirre aritu ziren taula gainean. Hirurak fin. Orioko kultur etxea jendez betetzea lortu zuten. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide