Bigarren eta bosgarren postuak Bleden

Karkara 2015ko mai. 11a, 09:19

Argazkia: Joxemari Olasagasti

Esloveniako Bled lakuan jokatu da asteburuan, maiatzaren 9an eta 10ean, World Rowing Cup izeneko txapelketa

World Rowing Cup izeneko txapelketaren lehen jardunaldia jokatu da pasa den asteburuan, maiatzaren 9an eta 10ean, Esloveniako Bled lakuan. Larunbatean jokatu ziren sailkapen estropadak eta Orio AEko arraunlariak zituzten bi ontzi sailkatu ziren igandeko A finalera.

Igandean, Ander Zabala eta Imanol Garmendiak zilarra lortu zuten pisu arineko bikoan. Txinatarren atzetik sartu ziren, 26 ehunekotara. 6:42.05eko denbora egin zuten. Jon Carazok bosgarren egin zuen Biko Absolutuan, 6:49.01eko denborarekin.

Bled-en eta Bordelen garaile

Bi nazioarteko estropada jokatu dira asteburuan. Bled-en bertan izan zen lehena, Munduko Txapelketaren aurretik, maiatzaren 8an. Imanol Garmendia eta Ander Zabalak garaipena lortu zuten Pisu Arineko Bikoaren kategorian.

Bordelen ere garaipena lortu zuten Orio AEko arraunlariek, igandean jokatu zen Nazioarteko estropadan. Hamaika zortzikok parte hartu zuten estropadan; goizean kanporaketak jokatu ziren eta arratsaldean finala.  Oriotarrek irabazi zuten estropada hori ere.

Trainerillak Getarian

Aulki finkoan, trainerilla estropadak jokatu ziren Getarian, larunbatean eta igandean. Gipuzkoako Trainerilla Ligako estropadan, laugarren egin zuten emakumezko absolutuen A ontziak larunbatean, 15:58.64ko denborarekin, eta zazpigarren B ontziak, 16:23,37rekin. Igandeko estropadan hirugarren egin zuten, 16:00.36ko denborarekin.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide