Urte osoan egindako lana partida bakarrean jokatzen zuten Alustiza Autobusak Orio areto futbol taldeak. Gipuzkoako 3. mailako liga irabazi ostean, igoera partida jokatu zuten maiatzaren 10ean, igandean.
Galtzen hasi ziren hasieratik eta 0-2 amaitu zuten lehen erdia. Atsedenaldiaren ondoren indarrez zelairatu ziren Mirotzak. Bazirudien partidari buelta emango ziotela, bi gol sartu zituzten bigarren erdian. Baina lasartearrek beste bat sartu zuten eta, azken minutura arte estutu zuten arren, ez zioten markagailuari buelta eman.
Gipuzkoako Areto Futbol Ligako 3. mailan jarraituko du Alustiza Autobusak Oriok hurrengo denboraldian.