Bizikleta martxa natur ondarea ezagutzeko

Karkara 2015ko mai. 8a, 10:44

Larunbat honetan bizikleta martxa izango da, Bikamiotan hasi eta Motondon amaituko dena. Izena emateko kultur etxera jo behar da.

Orioko curriculumak hainbat atal ditu, horietako bat natur ondareari eta osasunari buruzkoa da. Atal bakoitzeko adituengana jo zuten curriculumeko kideek, eta, kasu honetan, Eneritz Odriozolarengana eta Garbiñe Manterolarengana. Berak izan dira esparru hori garatu dutenak. Eta, larunbat honetan, berak izango dira bizikleta martxa baten bidez atalaren aurkezpen informala-edo egingo dutenak.

16 urteko gazte oriotar batek derrigorrezko hezkuntza bukatzean Orioko natur ondareari eta ingurumen kontuei buruz jakin beharko lituzkeen oinarrizko kontzeptuak azaldu nahi ditugu, azaldu du Manterolak eta gaineratu du: Oriok duen natur ondarea laburbildu nahi dugu, naturaren aldetik zer duen berezi herriak eta zer egoeretan dagoen. Beste aldetik Orioko herritarrek ingurumenean sortu duten eta sortzen duten eragina ere errepasatu dute Odriozolak eta Manterolak.

Bizikleta martxa Bikamiotatik abiatuko da, 10:30ean, eta hiru geldialdi egingo dituzte. Bat Antillako hondartzan, bestea Montondon eta hirugarrena Aitzondo parkean. Geldialdi bakoitzean azalpenak emango dituzte. Eta, horregatik erabaki dute batetik bestera bizikletan joatea. Bizikletaz egitearen arrazoia denbora izan da, hiru geldialdiak denbora tarte politean lotu nahi ditugu, gehiegi luzatu gabe. Guztira, ordu eta erdiko saioa izango da, gutxi gorabehera.

Publiko orokorrarentzat izango da bizikleta martxa. Oso modu sinple eta ulergarrian emango dituzte azalpenak. Herriko irakasleak eta hezkuntzan dabilena azaltzea ere eskertuko genuke. Baina esan bezala, oso dibulgatzailea izango da eta interesa duen edonor, heldu, gazte zein  haur, azaltzea primerakoa litzateke, aitortu dute. Ibilaldian parte hartu nahi duen edonork kultur etxean eman behar du izena. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide