Lau oriotar Gizpukoa Bertsotan Txapelketan

Karkara 2015ko mai. 8a, 12:42

Maiatzaren 9an abiatuko den Gipuzkoa Bertsotan Txapelketaren sailkapen fasean lau oriotarrek hartuko dute parte: Ibai Esoain, Xabier Sukia, Egoitz Eizagirre eta Iñaki Gurrutxaga.

74 bertsolari igoko dira oholtza gainera bertsotan egitera. Irailaren 20an hasiko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkatu nahian kantatuko dute gehienek, nahiz eta 30 bertsolarik besterik ez duten lortuko sailkatzea. Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea maiatzaren 9an hasiko da, larunbat honetan, Astigarragan; amaitu ekainaren 6an egingo da, Ataunen.

Orioko lau bertsolarik hartuko dute parte sailkapen fase honetan, Gipuzkoa Bertsotan izenekoan. Ibai Esoain, Xabier Sukia, Egoitz Eizagirre eta Iñaki Gurrutxaga dira horiek. Horiez gain, Errikotxia bertso eskolako Imanol Lizarazu Habana igeldoarrak ere hartuko du parte.

Bi itzulitako txapelketa da Gipuzkoa Bertsotan. Bertsolariek bitan kantatuko dute, batean goizez, bestean arratsaldez. Bi saioetako puntuen batuketak emango du bertsolari bakoitzaren osoko puntuazioa eta horren arabera osatuko da sailkapena. Lehen itzulia larunbat honetan hasiko da eta Xabier Sukia oriotarrak hartuko du parte.

Oriotarren artean, Sukai izango da bertsotan egiten lehena. Astigarrako kultur etxean egingo den saioan hartuko du parte, arratsaldeko 17:30ean hasita. Berarekin batera Aitor Irastortza, Ander Lizarralde, Beñat Jauregi, Jokin Bergara eta Danel Olano izango dira taula gainean. Igandean beste oriotar bat igoko da oholtzara, arratsaldean, 17:30ean, Oiartzungo udaletxeko areto nagusian: Ibai Esoain. Eneko Araiztegi
Odei Lopez, Manu Goiogana, Mikel Artola eta Eñaut Martikorena arituko dira berarekin.

Datorren asteburuan, larunbatean, egingo dute bertsotan beste bi oriotarrek. Goizean arituko da Iñaki Gurrutxaga, Arkaitz Oiartzabal, Mikel Tapia, Aitor Salegi, Iñaki Zelaia eta Julen Agirrerekin batera. Arratsaldean Egoitz Eizagirre ibiliko da bertsotan Eli Pagola, Adur Gorostidi, Asier Sasieta, Unai Mendizabal  eta Txomin Azpirozekin batera.

Lehen itzuliko datak

Lehen buelta maiatzaren 9an hasiko da eta 17an amaituko da. Oriotarrek egun eta toki hauetan egin beharko dute bertsotan:

Maiatzak 9 - 17:30ean - Astigarraga
Aitor Irastortza
Ander Lizarralde
Beñat Jauregi
Jokin Bergara
Danel Olano
Xabier Sukia

Maiatzak 10 - 17:30ean - Oiartzun
Eneko Araiztegi
Odei Lopez
Manu Goiogana
Mikel Artola
Ibai Esoain
Eñaut Martikorena

Maiatzak 16 - 11:30 - Antzuola
Julen Agirre
Iñaki Zelaia
Aitor Salegi
Mikel Tapia
Arkaitz Oiartzabal
Iñaki Gurrutxaga

Maiatzak 16 - 17:30 - Antzuola
Egoitz Eizagirre
Eli Pagola
Adur Gorostidi
Asier Sasieta
Unai Mendizabal
Txomin Azpiroz

Bigarren itzulia maiatzaren 17an hasiko da Bergaran eta ekainaren 6an amaituko da, Ataunen. Bigarren itzulian Egoitz Izagirre izango da kantatuko duen lehen oriotarra. Oñatin izango da, maiatzaren 30ean, Santa Ana aretoan, goizeko 11:30ean. Hurrengo egunean, maiatzaren 31n, goizean, Xabier Sukiaren txanda izango da. Zizurkilgo Atxulondo kultur etxean izango du zita. Egun berean eta ordu berean, Usurbilgo Sutegi aretoan Ibai Esoain arituko da bertsotan. Eta azken egunean, ekainaren 6an, Iñaki Gurrutxagak arratsaldez egingo du bertsotan, Ataungo herri antzokian.

Saioak ikusteko sarrerak

Saioetako sarrerak egun berean salduko dira aretoan. Leihatila 10:00etan eta 16:00etan zabalduko da. Bertsozale Elkarteko bazkideek eta 16 urtetik beherakoek prezio berezia izango dute sarreretan, 4 euro saioko. Halaber, eguneko bi saioak prezio berezian ikusteko aukera izango dute, 6 euroan biak. Gainerakoentzako, saioko sarrera 6 eurokoa da eta eguneko bi saioak ikusteko, 9 euro.

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa helburu

Irailaren 20an hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa eta abenduaren 20an amaituko da, Donostian egingo den finalarekin. Sailkapen faseko 30 bertsolariek lortuko dute udazkenerako sailkatzea. Dagoeneko, 13 bertsolari daude zuzenean sailkatuta Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako. Horiei Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean sailkatzen direnak gehituko zaizkie.
 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide