Berdinketa Vasconiaren aurka

Karkara 2015ko mai. 5a, 12:23

Argazkia: Oriokok Astigarragaren aurka jokatu zuen partidan

0-0 egin zuen Oriokok maiatzaren 1ean Mendibeltzen jokatu zuen partidan

Ostiral arratsaldean, maiatzaren 1ean, jokatu zen Orio eta Vasconiaren arteko partida. Jende dezente hurbildu zen Mendibeltz zelaira eta harmailak beteta zeuden. Oriotarrak 1. postuari eusteko asmoz zelairatu ziren eta Vasconia, aldiz, igoerako play offa eskuratzeko ia aukerarik gabe.

Partida gogorra eta polita izan zen, bi taldeek aurpegia eman zuten. Lehen zati hasieran oriotarrak iritsi ziren Vasconiako ate ingurura eta oriotarren gol bat baliogabetu zuten.

Lehen zatian, ordea, aukera garbiena Vasconiak izan zuen epaileak oriotarren aurkako penaltia adierazi zuenean. Joseba Rekejok, ordea, jaurtiketa gelditu zuen. Lehen zatiaren amaieran 0-0 zegoen markagailua.

Bigarren zatian oriotarrek izan zituzten aukera garbienak, baina gola ez zen iritsi. Geldikako baloiak protagonismoa hartu zuten eta jokaldi horietan sortzen zituzten arazo handienak Vasconiakoek. Oriotarrek ondo defendatu zuten beren atea eta gola egiteko aukerak izan zituzten bigarren zatiaren amaiera aldera. Partidaren ondarrean langara bota zuten baloia kontraeraso baten ostean. Azkenean, Oriok 0 eta Vasconiak 0 egin zuten.

Lider jarraitzen du taldeak eta puntu bateko aldea ateratzen dio Euskaldunari. 65 puntu ditu Oriok eta Euskaldunak 64.

Bi jardunaldi falta dira eta gauzak oso estu jarraitzen dute. Gelditzen zaizkien bi partidak irabaziz gero, oriotarrek zuzenean lortuko dute ohorezko mailara igotzea. Horretarako, larunbatean Lehengokoak talde donostiarrari egin beharko diote bisita, eta handik hiru puntuak eskuratzen saiatuko dira. Partida Cesar Benito futbol zelaian izango da larunbatean 15:30ean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide