Gipuzkoako Areto Futbol Ligako 3. mailan garaile

Karkara 2015ko mai. 6a, 17:14

Lehen postua lortu du Alustiza Autobusak Orio taldeak Gipuzkoako Ligaren 3. mailan, eta igoera partidak jokatuko dituzte datozen asteetan

Denboraldi oso ona egin du Alustiza Autobusak Orio areto futbol taldeak aurten. Hemezortzi partida irabazi, lau berdindu eta bi galdu dituzte amaitu berri den denboraldian. Lehen postuan amaitu dute 58 punturekin, bigarren taldetik –Muxarra– zortzi puntura.

Guzti hori, taldearen bigarren urtean. Duela bi urte sortu zen Orioko Mirotzak izeneko taldea, lagunartean areto futbolean aritzeko helburuarekin. Aurreko denboraldia izan zen berentzat lehena, eta sailkapenaren behealdean amaitu zuten. Hobekuntza nabarmena erakutsi dute aurtengoan, bai taldean eta baita emaitzetan ere. Galtzen hasi ziren lehen partidan, baina zazpigarren jardunaldian lehen postua lortu zuten eta ez dira handik mugitu geroztik.

Play offa jokatzea tokatzen zaie orain, Gipuzkoako Ligako 2. mailara igotzeko. Partida bat edo bi jokatuko dituzte, lehenengoan egiten dutenaren arabera. Etxean jokatuko dute lehena, Lasarteko Ostadar taldearen aurka. Laugarren postuan amaitu dute liga horiek, 47 punturekin eta 14 partida irabazita. Datorren igandean, maiatzaren 10ean, jokatuko da igoera partida, Karela Kiroldegian, 11:00tan.

Igoerako lehen norgehiagoka irabaziz gero, final handia jokatuko dute Muxarra eta Anoeta F.T.ren partidako irabazlearen aurka. Bi horietatik bakarra egongo da hurrengo denboraldian Gipuzkoako Areto Futbol Ligako 2. mailan.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide