Orioko Udalarekin hitzarmena sinatuko du KARKARAk

Karkara 2015ko mai. 4a, 09:56

Apirilaren 30eko ohiko bilkuran landu zen gaia, beste batzuen artean. Bildu eta Orainen aldeko botoekin, eta EAJren abstentzioarekin onartu zuen hitzarmena sinatzea udalbatzarrak.

Lasai joan zen pasa den apirilaren 30ean, ostegunean, egin zen udalbatzarraren ohiko bilkura. Aztergai zerrendako zazpi gaiez gain, zortzigarren bat –Orain taldearen donazioa Udalari– ere lantzea erabaki zuten aho batez batzarraren hasieran. Hogei minutu inguruan erabaki zituzten gai guztiak.

Bi alkate dekreturen berri eman zen lehenbizi: 2014ko Udaleko Aurrekontuen Likidazioa eta 3/2015 zenbakidun kreditua aldatzeko espedientea –kreditu gehigarrien modalitatean– onartzen ziren dekretu horiekin. Dekretu horien berri maiatzaren 28an egindako ogasuna eta pertsonaleko batzorde informatzailean eman zen.

Udalaren aurrekontu propioari dagokion 4/2015 zenbakidun kreditua aldatzeko espedientea onartu zuten ondoren, kreditu transferentzien modalitatean. Azken orduko aldaketa baten ondorioz, 92.959 euroren ordez 93.158 eurokoa izan zen kreditu aldaketa, eta Orain eta Bilduren 7 aldeko botoekin eta EAJren 6 abstentzioekin onartu zuten.

Ordenantza Fiskalak eta beren eranskinen aldaketa 7 aldeko botoekin –Orain eta Bildu– eta 6 abstentziorekin –EAJ– onartu ziren. Karela kiroldegiko eta teknifikazio zentroko tasak onartu eta musika eskolakoak berretsi ziren Ordenantza Fiskaletan. Ludotekari dagokionez, ikasturteko 40 eurotako kuota planteatzen zen. Aldaketak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean behin betikoz argitaratzen direnean sartuko dira indarrean.

DBHko eraikinean egindako inbertsioak finantzatzeko Orioko Herri Ikastolari diru-laguntza ematea ere Orain eta Bilduren 7 aldeko boto eta EAJren 6 abstentziorekin onartu zen. Gehienez 300.000 eurotakoa izango da laguntza.

Antilla hondartzaren zaintza, salbamendu eta laguntza zerbitzuaren eta Orioko udal kanpineko igerilekuaren zaintza eta botikin zerbitzuaren kontratazioa landu zen gero. Lizitaziora aurkeztu zen erakunde bakarra Gurutze Gorria izan zen eta, baldintza guztiak betetzen zituela ikusita, erakundeari lizitazioa esleitzea onartu zen aho batez.

Aztergai zerrendaz kanpo, Orain Taldeak Orioko Udalari egindako donazioa onartu zuten. 810 eurotan baloratutako 6 mahai eta 23 aulki ematen dizkio Orainek Udalari. Plataformako kideek azpimarratu zuten doaintza egiteko eskaera 2014ko azarotik dagoela. Aho batez onartu zuten hori ere.

Karkararekin hitzarmen berria

Udaleko Kultura, Euskara, Hezkuntza eta Festetako batzordeak apirilaren 23an egindako batzarrean onartu zuen Karkararen eta Udalaren arteko lankidetza hitzarmena berritzea. Bildu eta Orainen aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin onartu zen. Udalbatzarrean ere, Orain eta Bilduren 7 aldeko botoekin eta EAJren 6 abstentzioekin onartu zen.

Hitzarmenaren testua, funtsean, aurreko bera da, aldaketa batzuekin. KARKARA Taldeak azken urteotan herritarrei zerbitzu gero eta integralagoa emateko egindako ahaleginaren aitortzen da hitzarmenean, bereziki karkara.eus ataria indartzen egindakoa. Bestetik, urteko diru-laguntzaren kopurua gehitu egiten da, eta aurten 20.600 eurokoa izango da. Papereko KARKARAn bi orrialde izango ditu aurrerantzean Udalaren Txokoa atalak, udaleko gaiak tratatzeko. Kultura agendaren atala udalarekin koordinatuko da, eta Udalak eskubidea izango du papereko karkaran hainbat iragarki publikatzeko, kosturik gabe. Hitzarmenaren indarraldia lau urtekoa izango da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide