Hondartzarako sorosleak hautatzeko probak egingo ditu Gurutze Gorriak asteburuan

Karkara 2015ko api. 30a, 12:48

Argazkia: Gurutze Gorria

Maiatzaren 1ean proba teorikoa eta elkarrizketa pertsonalak egingo dituzte, eta 2an proba fisikoa

Orioko hondartzarako sorosleak hautatzeko probak egingo ditu Gurutze Gorriak datozen egunetan. Donostian izango dira probak, urtero bezala, eta bi egunetan egingo dituzte.

Maiatzaren 1ean, ostiralean, proba teorikoa eta elkarrizketa pertsonalak egingo dituzte. Apnea bat eta berreskuratze sekuentzia bat egin beharko dute proba horretan, taldeka. Egun osoan zehar egingo dira horiek.

Maiatzaren 2an, larunbatarekin, proba fisikoa egingo dute. 9:30ean hasiko da eta urteroko berdina izango da: 1.600 metro inguru igeri eta 1.800 korrika egin beharko dituzte hautagaiek. Donostiako kaitik –Gurutze Gorriaren salbamendu-basetik– aterako dira eta Santa Klara irlaraino igeri joan beharko dute; handik, berriz ere igeri, Ondarreta hondartzaraino. Behin lehorrean daudela, korrika joan beharko dute Nautikoraino, Pico del Loro gainditu eta Kontxan barrena lasterka egin ondoren.

Orion 9 lanpostu aterako dira, eta 5 herritar aurkeztu dira horietara. Orioko, Zumaiako eta Donostiako probak guztiak batera egiten dituzte, eta 90-100 pertsona inguru espero ditu Gurutze Gorriak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide