.eus domeinuaren inguruko formazioa

Karkara 2015ko api. 30a, 17:05

.eus domeinuaren inguruko jardunaldia antolatu dute eskualdeko enpresa, elkarte eta norbanakoentzat. Honela, domeinuaren erabilera sustatu nahi dute.

PuntuEus fundazioa lanean ari da .eus domeinua euskal komunitate osora hedatzeko. Norbanako, elkarte, instituzio publiko eta enpresek aukera dute .eus domeinua eskatzeko. Karkarak, Aiako eta Orioko Udalak, besteak beste, .eus domeinuaren alde egin zuten iazko abenduan.

Domeinuaren erabilera sustatzeko Urola Kostako Udal Elkarteak eta PuntuEus fundazioak jardunaldia antolatu dute maiatzaren 5ean, asteartearekin, 12:30ean, Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan. .eus domeinuaren inguruko informazioa emango dute jardunaldi horretan, eta, besteak beste ondorengo gaiak jorratuko dituzte: domeinu tradizional eta orokorren saturazioa, bilatzaileen arau berrietara moldatzea, markaren babesa, .eus domeinuaren historia, .eus domeinuaren abantailak eta ezarritako lehentasunak domeinu-izenen erregistrorako.

Izena eman nahi duenak enpresa@urolakosta.org helbidera idatzi beharko du edo 943 89 08 08 telefono zenbakira deitu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide