Lasarte-Oriako oriotarrak Hendaiatik

Meltxor Artetxe 2015ko api. 29a, 15:57

Sinestezina da 13 kilometroko tartean nola aldatu daitekeen testuinguru soziolinguistikoa.

Bederatzi urte nituen Oriotik kanpora bizitzera joan nintzenean. Aita Lasarteko Michelin lantegian aritzen zen eta neguko izotzen ondorioz izandako moto-istripu gogor xamar baten ondoren beldurra nagusitu zen etxean; beraz, segurtasunaren bila edo, bertara joan ginen. Bizitzako mugarri nagusietako bat niretzat, zalantzarik gabe.

Agur herriari, agur arranpla eta hondartzari, agur baporeei, agur elizako zimitayo-jolastoki bitxiari, agur Inazio Sarasuaren traineruari –nolako miresmena gizon hari! Uste dut Lasarten jabetu nintzela, halako batean, Santiyo eguneko meza amaieran kantatzen zen Inazio, gure patroi handia... kantu hura beste Inazio baten ohorez kantatzen zela–.

Agur lagunei ere. Nolako negarrak eta promesak –ez zaituztegu ahaztuko, ostegunero etorriko gara zuekin jolastera aginduz!–ostegun arratsaldetan jai izaten genuen garai hartan eskolan–. Baina politiko kaxkarren antzera, ez genuen agindutakoa bete, jakina.

Eta batez ere, ia-ia agur euskarari! Sinestezina da 13 kilometroko tartean nola aldatu daitekeen testuinguru soziolinguistikoa. Izan ere, ia euskara hutsean bizi izatetik –eskolako komunikazio formaleko momentuak izan ezik–, euskara etxean baizik ez erabiltzera igaro nintzen bat batean. Kalean anaiok elkarrekin topo egin eta euskaraz hizketan hasterakoan, hainbat eta hainbat harritu egiten ziren, pero, habláis vasco? galdetuz; pentsa...

Geroztik, Lasarte-Oria pixkanaka baina sendo euskalduntzen zihoan neurrian, behin baino gehiagotan bururatzen zitzaidan galdera: Orio hazten doan neurrian euskararen erabilpena murrizten joango ote da? Benetan lastima litzeteke horixe! Baina ez, Oriorekiko galdutako harremana berreskuratzen joan naizen neurrian, euskararen gotorleku, arnas-gune izaten jarraitzen duela ikusten dugu; benetan txalogarria iruditzen zait eta oriotarra izatearen harrotasuna sentiarazten dit. Jarrai dezatela Orioko euskal birikek topera funtzionatzen eta itsas-bazterretik arnasketa horren eragina hel dadila Hendaiaraino, aire euskaldunaren premia latzean baikaude hemen!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide