Hauteskundeak gerturatzen eta kanpainak hastear daudela, udal hauteskundeetara doan zerrenda aurkeztu zuen Orioko Bilduk apirilaren 28an, 19:00etan, Kultur Etxean.
Nagore Rementeriak aurkeztu zuen ekitaldia, eta aurreko taldeak talde berriari testigua pasa zion bertan. Aurreko hauteskundeetan udaberrian udal berria lortu zela esan zuen Rementeriak, eta aurten aldaketa horren bigarren pausoa ematera datorrela Orioko EH Bildu.
Aurpegi berriak egon arren, aurrekoak ere hor jarraitzen dutela azpimarratu zuten, indarrak bikoiztu dituztela. Duela lau urte alkategai bat aurkeztu bazuten, oraingoan bi direla esanaz hasi zuen ekitaldia. Oraingo alkateak eta hauteskundeetako alkategaiak hartu zuten hitza lehenengo.
Karguetan betirako ez gaudela, eta jende berria sartzea guztiz beharrezkoa dela esanez hasi zen Beñat Solaberrieta. Udaletxea inork baino gehiago ezagutzen duela baieztatu zuen Emeterio Iribar alkategai berri eta gaztea aurkeztean eta, berak aurreko alkatearen bultzadarik jaso ez zuen arren, Iribarrek nahi duen guztirako hor izango dela esan zion.
Talde berriari testigua
Iribarrek alkatearen eskaintza eskertzekoa, beharrezkoa eta garrantzitsua zela esan zuen. Talde lanean sinesten duen pertsona bat bezala aurkeztu zuen bere burua, eta inguruan duen taldea oso sendo ikusten duela azpimarratu zuen.
Azken lau urteetan udalean egon den taldeak hartu zuen hitza ondoren. Batzuek datorren legealdirako beren burua berriz aurkeztu dute eta beste batzuk ez, baina gure esperientzia talde berriaren eskura egongo dela aipatu zuen Saizarrek.
Talde berria igo zen ondoren oholtzara, eta batak bestea aurkeztu zuen, zerrendako ordenan. Iribarrek Amaia Dorronsoro aurkeztu zuen, Dorronsorok Gotzon Igoari eman zion hitza, Igoak Amagoia Iribarri, berak Bixente Lasari, Lasak Aizpea Ubegun aurkeztu zuen eta, azkenik, Ubegunek Asier Sarasola, zerrendako gazteena.
Gipuzkoako Bilduren babesa
Orioko herrigintza eta politikatik harago dabilen gonbidatu bat aurkeztu zuten gero. Gipuzkoako batzar orokorretarako hautagaia den Ainhoa Beolak hartu zuen hitza. Politikan aritzea erakundeetan egotea uste dute batzuk –esan zuen–, baina aspaldi dakigu kalean, etxean eta egunerokoan ere egiten dela politika.
Ekitaldiari amaiera emateko, Emeterio Iribarrek hartu zuen berriz hitza. Atzean zuen taldea goraipatu eta berekin lana egiteaz harro sentitzen dela esan zuen. Herri programa bat osatu dutela, baina ez dela erabat itxia, herritarrekin hobetu eta gauzatuko dutela adierazi zuen Iribarrek.