Munibe eta Orioren arteko futbol partida igandean jokatu zen, Berio futbol zelaian. Jende dezente bildu zen partidua ikusteko, eta eguraldia lagun zela, giro ederra sortu zen zaleen artean.
Bi taldeentzat partida garrantzitsua zen: oriotarrek lidertzan jarraitzeko eta Munibek mailari eusteko. Euskaldunak larunbatean 4-3 irabazi zion Hernaniri, hortaz, Oriok irabazi egin behar zuen. Eta, hirugarren minutuan jaso zuten golaren ondorioz partida zaila jarri arren, buelta ematea lortu zuten.
Oriotarrak pixkanaka-pixkanaka partidaren kontrola hartu zuten eta lehen zatiko 44. minutuan Mikel Usandizagak markagailua berdintzea lortu zuen. Buruz sartutako gol baten ondorioz 1-1ekoa lortu zuten eta emaitza horrekin iritsi ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian markagailuan aurrea hartzeko gogoarekin zelairatu ziren oriotarrak. Zelaiaren egoera txarrak –partida baino lehen euria gogotik egin zuen– zaildu egin zuen baloia azkartasunez mugitzea; ondorioz, geldikako baloiak izan ziren protagonista. Eta, behin eta berriz saiatu ondoren, 75. minutuan etorri zen horitxoen gola. Josu Gonzalez de Txabarrik, Axiyak, sartu zuen 1-2koa.
Munibe berdinketaren bila joan zen arren, Josu Solaberrietak lasaitasunaren gola sartu zuen, 1-3koa. Emaitza horrekin amaitu zen partida. Oriok lider jarraitzen du 64 punturekin. Atzetik, hiru puntura, Euskalduna taldea daukate.
Hiru jardunaldi falta dira liga amaitzeko eta Oriok ia eskuartean du lidertza. Dena den, play offerako txartela jada lortu dute. Aste honetan, ostiralarekin, Vasconia taldearen aurka jolastuko dute arratsaldeko 17:00etan. Partida zaila izango dela uste dutenez, zaleen babesa eskertuko dute partida irabazteko.