Ostiral honetan 100m2 antzezlana izango da kultur etxean

Karkara 2015ko mai. 4a, 08:04

Euskal Herriko antzoki askotan izan dira 100m2 antzezlana aurkezten eta oso harrera ona izan du obrak. Ostiralean Orion izango da, bost euroren truke.

Juan Carlos Rubiok idatzitako, Begoña Bilbaok zuzendutako eta Iñake Irastorza, Ana Elordi eta Ramon Agirrek antzeztutako obra da 100m2. Ostiral honetan, maiatzaren 8an, gaueko 22:30ean, Orioko kultur etxean antzezlana ikusteko aukera izango da, sarrera bost euro ordainduta.

120 txartel jarriko dira salgai kultur etxeko aretoaren aforo mugatua dela eta. Beraz, ohi bezala, antolatzaileek sarrerak hartzeko garaiz ibiltzea gomendatzen dute. Dagoeneko erosi daitezke, kultur etxean.

Ia duela urte bete estreinatu zen antzezlana, iazko abuztuan. Harrera ona izan du eta Euskal Herriko antzoki askotan izan dira antzezlana aurkezten. Funtsean, lanak, bi emakumeren arteko harremana kontatzen du. Sarak etxea erosi nahi du eta etxe-saltzaileak etxe handia, argitsua, merkea... hau da, amestutako etxea eskaintzen dio; baina, baldintza bat jartzen dio, berarekin etxean bizi nahi du geratzen zaizkion urteetan.

Bizikidetza horretan emakumeen dituzten desberdintasunak eta antzekotasunak izango dira hizpide. Elkarren artean harreman bitxia sortuko da eta hainbat gauza biziko dituzte elkarrekin.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide