Meira-Moaña-Pontevedran jokatu zen asteburuan Espainiako Batel Txapelketa. Orio AEren bost batel joan ziren Galiziara parte hartzera, eta horietatik hiruk lortu zuten A finalerako sailkatzea larunbatean. Igandean jokatu ziren finalak, eta emaitza onak lortu zituzten orokorrean.
Emakumezko jubenilen mailan txapeldunak izan ziren oriotarrak, eta brontzezko domina lortu zuten gizonezko infantilek. Gizonezko jubenilek laugarren egin zuten. B finalak jokatu zituzten bi batelek zazpigarren eta bederatzigarren postuak lortu zituzten, gizonezko kadeteen eta etorkizuneko emakumeen mailan, hurrenez hurren.
Espainiako txapelketarekin amaitutzat eman dute 2015eko batel denboraldia; gehienak aulki mugikorrarekin buru-belarri jarriko dira orain, eta batzuk traineruekin. Aipatzekoa da, aurtengo denboraldian 14 titulu lortu dituztela Orio AEko batelek: 4 Gipuzkoako Liga, 6 Gipuzkoako Txapelketa, 3 Euskadiko Txapelketa eta Espainiako Txapelketa bat.
Atzo, apirilaren 27an, errezibimendua egin zuten 19:00etan, Espainiako Txapelketa irabazitako taldeari ongietorria egin eta bandera guztiak ospatzeko.