Ekainaren 21a aukeratu du Gure Esku Dagok erabakia ehuntzen hasteko. Ekitaldiak egingo dituzte Euskal Herriko hiriburuetan, azken hilabeteetan jasotako atxikimenduekin, oihal zatiekin, hautetsontzi erraldoiak egingo dituzte.
Giroa animatzeko, eta atxikimenduak lortzeko, Ehuntze egunak egin dituzte pasa den asteburuan hainbat herritan. Tokian tokiko taldeek ekitaldiak antolatu dituzte ekainekoa berotzeko. Orion ez zen Ehuntze eguna egin, baina bi ekintza egingo dituzte aste honetan.
Apirilaren 30ean Jostunak dokumentala emango dute, 19:00etan, Kultur Etxean. Gure Esku Dago mugimenduaren sustraitze prozesua kontatzeaz gain, erreferentziazko hainbat pertsonen adierazpenak jasotzen ditu.
Bestetik, maiatzaren 3an, Artisau Azoka egingo dela aprobetxatuz, postua jarriko dute egun osoan herriko plazan. Gero, arratsaldean, festa egingo dute, egun osoan banatutako oihalak josteko.