Lidertza berreskuratzeko helburuarekin zelairatu ziren oriotarrak, eta helburua lortuta etxeratu ziren. 2-1 irabazi zuten Donostiako Deusto taldearen aurka. Orain berriz ere lider dira oriotarrak.
Deusto beheko postuetatik ihes egiteko asmoarekin etorri zen Oriora. Oriok, ordea, lidertza lortu nahi zuen eta gogotsu ekin zion partidari, markagailuan aurrea hartu eta helburua lortzeko asmoarekin. Aukera asko izan zituzten hasiera-hasieratik, eta lehen zatiaren erdian aurretik ziren oriotarrak Dorronsororen golari esker.
Kolpe gogorra jaso zuten donostiarrek eta lehen zatian abantaila handitzeko abagune garbiak izan zituen Orioren aurreko lerroak, baina ez zuten asmatu atea aurrean zeudenean. Donostiarrek ez zuten aukera garbirik izan, baina, dena den, markagailua berdindu ahal izan zuten. Atsedenaldira 1-1ekoarekin iritsi ziren.
Bigarren zatia erritmo berean joan zen. Oriok behin eta berriz golak sartzeko aukera garbiak egin zituen. Eta, azkenean, kontraeraso batean Solaberrietak bigarren gola sartu zuen. Abantaila handitzeko aukerak egiten jarraitu zuten oriotarrek, baina ez zen lasaitasunaren gola iritsi. Partida 2-1 emaitzarekin amaitu zen.
Euskaldunak 4-1 galdu zuen Trintxerpen. Albiste gozoa oriotarrentzat; gauzak horrela, lidertza eskuratu baitzuen Oriok. Lau jardunaldiren faltan gauzak estu doaz ligan. Oriok akatsik egiten ez badu lehen postuan amaitu dezake, baina, horretarako, gelditzen diren lau finaletan ezin du huts egin.
Taldeak zaleen babesa eta animoak behar dituztela aitortu du, Euskaldunarekin duen hiru puntuko alde hori ez galtzeko eta datorren astean lortu dezaketen play offerako txartela eskuratzeko. Dena den, lehen postuan amaituz gero, zuzenean ohorezko mailara igotzeko txartela eskuratuko lukete, eta ez dute zertan play offa jokatu.
Datorren astean oriotarrek Munibe taldea donostiarra bisitatuko dute Berio futbol zelaian. Igandean izango da partidua, arratsaldeko 16:00etan.