Seigarren aldia da Zaragueta Herri Eskolak Kros Txikia antolatzen duela. Urtero bezala, herriko txikienak korrika jarriko dira apirilaren 19an ,igandean, 12:00etatik aurrera. HH4 eta HH5eko umeek 150 metro, LH1 eta LH2koek 300 metro, LH3 eta LH4koek 600 metro, LH5 eta LH6koek 1000 metro eta, DBH1 eta DBH2koek 1200 metro egingo dituzte, eta parte-hartzaile guztiek jasoko dituzte dominak.
Izen-ematea zabalik dago, eta krosaren eguneko 11:30ak arte egongo da zabalik. Korrika egin nahi duenak Zaraguetan bertan, Kultur Etxean eta Karelan eman dezake izena. 11:45ean elkartuko dira parte-hartzaile guztiak Zaragueta eskolako sarreran, eta proba 12:00etan hasiko da. Proba amaitu ostean toki berean jaso beharko dituzte gurasoek.
Dagoeneko bi aldiz atzeratu da
Hirugarren aldia da aurtengoan krosa antolatu dutela. Lehen bi alditan ezin izan zuten egin, eguraldiak ez zuelako lagundu. Lehenengoa otsailaren 1ean izan behar zuen, baina, euria gogoz egiten zuen eta haize bortitza zegoen, hortaz, atzeratzea erabaki zuten. Aste bete beranduago egiteko asmoa zuten, otsailaren 8an; baina, denboralearen eraginez alerta zegoen euskal kosta.
Ondorioz, Foru Aldundiak asteburuko kirol jarduerak –eskola kirolekoak– bertan behera utzi zituen. Hori dela eta, ez zen eskola kirolari lotutako partidarik izan, ezta Zaragueta VI. krosik ere. Oraingoan arazorik ez egotea eta eguraldiak laguntzea espero dute.