Frantziako La Rochelle hiriko 48 ikasleko talde bat Orion izan dugu bisitan pazko astean. Collège Pierre Mendès institutuko ikasleek Hondarribiko aterpetxean hartu zuten ostatu; baina beren bidaiako aurreneko egunetik ibili ziren Orioko txokoak ezagutzen. Lehen egunean, pazko bigarrena, Itxaspeko buelta egin zuten, herritik abiatu eta hondartzan bukatu, eta herritar batek Orioko arrantzaleen eta arraunlarien istorioak azaldu zizkien eta balearen bertsoak kantatu. Ostegunean, berriz, errioan ibili ziren, piraguan eta traineruan. Agurra herriari San Juan Elizpe elkartean eman zioten, otordu batekin.
Gainerako egunetan inguruko txokoak eta museoak ezagutzen ibili ziren frantziar gazteak: Donostia, Txillida Leku, Getariko Balentziaga museoa, Bilboko Guggenheim…
Euskal Herriko kostaldea eta euskal kultura bertatik bertara ezagutzeko egin duten lau eguneko egonaldia Orion bizi den neska frantziarrak antolatu die, Anaïs Da Silvak. Anaïsek dioenez, bidaia hasi besterik ez da egin, izan ere jarraipena eman nahi dio bisitaldiari. Luzerako helburua ere jarri dio ekitaldiari, Anaïsek nahi luke La Rochelleko institutua Orioko ikastetxeekin senidetzea, Ikastolarekin eta Zaraguetarekin. La Rochelleko errugbi taldeak kolore horia eta beltza ditu, baina koloreaz aparte baditu antzeko bestelako ezaugarriak ere: kostaldeko hiria da eta itsas memoria handikoa. Etorkizunean bi herriotako haur eta gaztetxoen elkargune izan litekeen abiapuntua ezarri nahi izan du aurreneko bisitaldi honek.