Udarako hiru plan

Karkara 2015ko api. 28a, 12:27

Uda txokoa, Udaleku irekiak eta Gazte abentura antolatu ditu Txurrumuski elkarteak 2015eko udarako.

Hasi da Txurrumuski elkartea udako ekintzak antolatzen. Herriko gazteenentzat jolasak, tailerrak eta beste hainbat dinamika martxan jarriko dituzte datorren udan, eta hiru aisialdi aukera antolatu ditu elkarteak.

Uda txokoa

2012an jaiotakoentzat, Uda txokoa antolatu dute, non ekintza ludiko-hezitzaileak egingo dituzten. Uztailaren 1etik 30era bitartean izango da Uda Txoko, astelehenetik ostiralera, ikastolan. Sarrera ordua 9:00etatik 10:00etara izango da eta irteera 12:30etik 13:00etara. Prezioa 85 eurokoa izango da.

Programa honetan, bereziki, txokoen metodologia erabiliko dute, eta esperimentazioan eta jolas librean oinarritzen da Uda Txokoa. 2014ko udan 45 haur eta 5 hezitzaile izan ziren.

Udaleku irekiak

HH3tik LH6ra bitarteko haurrentzat espazio hezitzailea izango da, jolas eta ekintza dinamiko eta parte-hartzaileetan oinarrituta. Uztailan zehar, astelehenetik ostiralera izango dira Udaleku Irekiak, 9:00-10:00etatik 12:30-13:00etara. Ekintza honen prezioa 80 eurokoa izango da.

Iaz 220 haur izan ziren Udaleku Irekietan, 23 begiralerekin batera.

Gazte abenturak

Hirugarren proposamena, abuztuaren 3tik 14ra izango da: Gazte Abenturak. 9:00etatik aurrera elkartuko dira bizikleta martxak, jolasak, kirolak, irteerak, abentura egun-pasak, igerilekuetara irteerak eta abar egiteko. Egunero bilduko dira eta azken hiru egunetan elkarbizitza egingo dute aterpetxe batean.

Ordutegia aldatu egingo da egunaren arabera: egun arrutak eta bereziak –irteera egunak– bereiziko dituzte. Arruntetan 9:00etatik 13:00etara izango da egonaldia, eta irteera eguna denean egun osoa pasako dute kanpoan, 9:00etatik 13:30era edo 17:00etara. 105 eurokoa da gazte abenturaren prezioa.

2015eko Gazte abenturan 53 haurrek parte hartu zuten, eta 5 begirale egon ziren haiekin.

Izen-ematea eta bilera informatiboak

Izen-ematea maiatzaren 14an eta 15ean izango da, kultur etxean, 18:00etatik 19:30era. Honakoa aurkeztu beharko da:

  • Txurrumuskik Euskadiko Kutxan duen 3035 0182 18 1820021770 zenbakian, dagokion zenbatekoaren diru sarreraren ziurtagiria.
  • Programari dagokion izen emate orria ongi beteta eta beharrezkoa den informazio guztia jarrita.
  • Osasun txartelaren kopia bat.

Izen-ematea amaitutakoan, parte-hartzaile eta gurasoen zalantzak argitzeko eta ekintzei buruzko informazio guztia emateko, bilera informatiboak egingo dira ekainaren 12an, Salatxo aretoan. 17:30ean izango da Uda Txokoari buruzko bilera, 18:00etan Udaleku Irekiena eta 18:30ean Gazte Abenturena.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide