Liderraren aurka, bakoitzarentzat bat

Karkara 2015ko api. 14a, 10:17

Bi partida jokatu ditu Orioko Bate Bizkorrak asteburuan. Bat irabazi du eta bestea galdu, liderraren aurka.

Atsedena izatetik bi partida jokatzera pasa da Orioko Bate Bizkorrak taldea. Mendibeltz zealaian lider den Sant Boi talde kataluniarraren aurka jokatu ditu asteburuko partidak. Bat irabazi eta bestea galdu egin du, hurrenkera horretan.

Lehenengo partidan, talde oriotarra gogor hasi zen. Yusmeri Pacheko jaurtitzaileak eginiko lan itzelaren ondorioz, talde horia eroso aritu zen. Pachekok partidu perfektua egin zuela esan genezake, aurkariak ez baitzuen lortu kubatarrari hit bat bera egitea.

Gipuzkoarrak hasieratik gogor aritu ziren erasoan, honela, 7-0 aldeko emaitza lortu zuten.Aipatu beharra dago Puentes eta Cuesta jokalariek erason eginiko lana eta baita Yusmeri Pacheko jaurtitzailearena, aurkarien bateatzeile guztiak erraz menderatzen baititu.

Bigarren partida zailagoa izan zen oriotarrentzat, talde Katalana erasoan erregularragoa izan baitzen. Euskaldunek defentsan eginiko akatsen ondorioz, kataluniarrak hasieratik aurreratu ziren markagailuan. OBB taldeak 1-3 emaitzan mantendu zuen markagailua bosgarren sarrerara arte. Baina, Sant Boik oriotarren akatsak aprobetxatzen jakin zuen eta 1-8 emaitza lortu zuen.

Melany Bujan gazteak bigarren partidan debutatu zuen. Eta, beste gauza aipagarri bat Igone Etxeberriaren lana izan zen, pitxeoko zirkuluan lan polita egin baitzuen. Talde oriotarrak Bartzelonara egingo du bidaia datorren asteburuan, Gavako Project S. Gavanenc taldearen aurka jokatzeko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide