Lerroburuak eta erantzunik gabeko galderak ekarri ditu, azkenaldian, Udalaren soberakinaren gaiak. Pasa den asteko udalbatzarrean ahopeka esandakoak isilarazi zituen idazkariak, datuak mahaigainean jarrita.
Komenigarria da, lehendabizi, bi kontzeptu argitzea: altxortegiaren gerakina eta diruzaintzaren egoera. Altxortegiaren gerakina gastu orokorrak finantzatzeko dagoen diru kontable kopurua da. Diruzaintzaren egoera puntualki udaletxeko kontu korrontean dagoen diru kopurua da, besteak beste, aurrekontua garatzeko erabiltzen dena.
Bigarren horrek gorabehera ugari izaten ditu. Fondo forala urtean lau zatitan jasotzeak eragiten ditu fluxu horiek, eta, Udalak, hilero ordaindu behar ditu ordainketak. Hortaz, aldakorra da oso.
2010etik 2015a bitarteko datuak
2011an onartu zen 2010eko aurrekontuaren kontu nagusia, azaldu zuen Udaleko Jon Carrera idazkariak. Likidazioa egiterako garaian, abenduaren 31n, diruzaintzako gerakina 9.758.310 eurokoa zela gaineratu zuen. Hurrengo urtean, 2011 urteko gerakina 9.183.642 eurokoa zela azaldu zuen; 2012 urteko,a 7.025.416 eurokoa; 2013koa, 5.592.480 eurokoa; eta, guztiz zehatza izan ez arren, baina bai oso fidagarria, 2014koa 5.834.000 eurokoa zela argitu zuen.
Azken datu honen fidagarritasuna %99koa zela zehaztu zuen Carrerak. Kopuru horren zati handi bat Urola Kostako Udal Elkartera bideratu zela azaldu zuen, Urtetako zabortegiaren kudeaketa dela eta. Zaborraren 544.316 euroak 2006an hartutako erabaki baten ondorio direla azaldu zuen Miriam Uranga alkateordeak otsailean egin zen udalbatzarrean.
Beste zati handi bat, bideratuz gero, Ikastolako inbertsioetarako izango dela azaldu zuen Carrerak, 300.000 euro, hain zuzen. Eta, arestian aipatutako bi kopuru horiek kontuan hartuz gero, 2015eko martxoaren 31n, 5.534.000 euroko gerakina izango luke Udalak, azpimarratu du.
Legealdi hasierako datuak alderatu zituzten
2010eko urtarrilaren 31ko datua 9.758.310 eurokoa zen, hortaz, azken datuekin alderatuz gero, diferentzia 4.224.310 eurotakoa dela esan genezake, azaldu zuen Jon Carrera idazkariak. Zehaztapen bat egin zuen jarraian: 2010eko likidazioan bi kreditu daude sartuta, aurreko legealdiari dagozkionak, 2011ko maiatzan onartu baitziren. Bata, 154.884 eurokoa; eta, bestea, 385.044 eurokoa.
Gerakineko 3.694.382 euro erabili dira
Legealdi honetan kopuru hori erabili da gerakinetik, 3.694.382 euro. Gerakina da fluktuaziorik edukitzen ez duen kontzeptua. Diruzaintzaren egoerak, ordea, gorabeherak izaten ditu. Eta, horri heldu zioten jarraian.
Jon Carrera idazkariak argitu nahi izan zuen, 2012 urte hasieran Udalak 12.000ko punta izan zuela kontu korrontean. Orduan, Jon Redondok hartu zuen hitza, eta 12.400 euro zirela zehaztu zuen. Carrerak gaineratu zuen une honetan Udalak 7.000 euro zituela.
Eta, Jon Redondok hartu zuen berriz ere hitza, 12.000 eurorekin hasi eta 7.000rekin amaitu dutela berretsiz. Gainontzekoek ez zioten erantzun nahi izan, Iparragirre Orain plataformako kideak salbu. Argitu nahi izan zuen legealdi honetako gastu handienetako bat, totalaren herena alegia, teknifikazio zentroa ordaintzeko erabili dela.