Gorabeherarik gabeko udalbatzarra

Karkara 2015ko api. 1a, 15:43

Mahai gainean jarri zituzten zazpi gaiak onartu zituzten, gehiengo absolutuarekin.

Jende dezente bildu zen atzo batzar aretoan. 20:00etan hasi zen udalbatzarra eta ez zen gorabehera handirik izan. Adosteko zeuden zazpi puntuak onartu ziren, gehiengo absolutuarekin.

Guztira 382.651 euroko aurrekontua

Lehendabizi 130/2015 alkate-dekretuaren berri eman zen. Dekretu horren bidez 1/2015 zenbakidun kreditua aldatzeko espedientea onartu zen, kreditua txertatzeko modalitatean. Guztira, 382.651 eurotakoa da txertatzen den partida aurrekontuan.

Txertatzen diren partida nagusiak honakoak dira: hezkuntza sistema nazionalak curriculuma 4 mila euro pasatxo, Hendaia kalera eta bide publikora 10.500 euro, hondakin eta bide publikoen garbiketara 15.000 inguru, kultur etxeko ekintza sozio-kulturaletara 6 mila euro pasatxo, Ikastolako diru laguntzara 75.000 pasatxo eta Zaraguetara ia 16.000 euro, kultur jardunaldietako diru-laguntzak ia 5.000 euro, ludotekako obra 140.000 euro inguru, saneamendua eta ur-hornidura 20.000 euro, landa eremua eta errepide publikoak 33.700 euro, proiektu azterketa, obra zuzendaritza 10.000 pasatxo, herriko enparantzako komunak 10.900 euro, kanpineko hirugarren fasea ia 9.000 euro eta kiroletako ez-ohiko diru laguntzak  9.000 pasatxo.

Bestalde, Udalaren eskutik konpromisoa dago aurtengo aurrekontuan 6.000 euroko partida txertatzeko. Diru kantitate hori ostalaritzako establezimenduek egokitzapenak egiteko bideratuko litzateke. Aho batez onartu zen lehen puntu hori.

Bi partida nagusi: Ikastolaren inbertsioa eta Zaborraren zorra

Udalaren aurrekontu propioari dagokion 2/2015 zenbakidun kreditua aldatzeko espedienteari heldu zioten ondoren. Kreditu aldaketa kreditu gehigarrien modalitatean dago egina.  Bi partida jasotzen ditu nagusiki kreditu aldaketa honek. Alde batetik, Orio Herri Ikastolari dagokiona, inbertsioetako diru laguntza; eta, bestetik, Urola Kostako Udal Elkarteari dagokion urtetako zabortegiaren kudeaketa dela eta, orain arte pilatu den zorra kitatzeko, 544.316 eurotakoa.

Partida hau kitatu egin behar da, bestela zor bizia bezala agertuko baita. Eta, Udala, bere altxortegia positiboan daukanez, une bakar batean diru kopuru hori kitatzea adostu da, aurten hasiko dira eta 2.044 urtean amaituko dute.

Aipatutako bi espedienteek betetzen dute sostengu finantzarioko printzipioa, baina ez aurrekontuaren orekakoa eta gastuaren araudia. Gure kasuan, honek behartuko liguke plan ekonomiko finantzarioa egitea, baina altxortegia positiboa denez eta partida horiek estaltzen dituenez, nahikoa izango litzake prestatu den txostenaren berri udalbatzarrean ematea.

Aldeko zazpi botorekin –EH Bildu eta Orain- eta kontrako bost botorekin –EAJ– gehiengo absolutuarekin onartu zen bigarren puntua. EAJk bere bozka justifikatzearren, esan zuen legealdi honetan plenora etorri diren kreditu aldaketa guztiak, altxortegiari zegozkionak, ezezkoa bozkatu dutela eta koherentzia mantendu nahi izan dutela.

Ludotekako lanak Murgil Eraikuntzak S.L enpresak egingo ditu

Orioko Udaleko bulego teknikoak lau proposamen gonbidapen egin zituen. Horietatik bik egin zuten proposamena, Luxarbek eta Murgilek. Irizpideak hobetoen betetzen zituen enpresa Murgil izan zen, guztia 44,17 puntu lortuta. Luxarbek 34,62 lortu zituen. Obrarako 191.868 euro izango dituzte.

12 aldeko botoekin eta aho batez, obra, Murgil Eraikintzak S.L enpresari egotzi zitzaion.

Antilla hondartzako eta kanpineko igerilekuko zaintza

Onartzea, egoki bada, Baldintza Administratibo Partikularren Orria, Orioko Antilla hondartzaren zaintza, salbamendu eta laguntza zerbitzua eta Orioko udal kanpineko igerilekuaren zaintza eta botikin zerbitzua kontratatzeko, prozedura irekiz, ohiko tramitazioz eta lehiaketa bidez egingo da.

Kontratazioak bi urteko epea izango du, 2015-2016; dena den, beste bi urte luzatzeko aukera izango da. Gehiago ezin da, legeak ez baitu onartzen. Lizitazioa 120.000 eurokoa izango da eta Foru Aldunditik jasotzen duten laguntza 12.000 eurotakoa da. Eskasa, idazkariaren ustetan. Baina, gehiago lortzeko saiakerak aspalditik egin arren, ez da posible.

Proposamenak aurkezteko epea zortzi egunekoa izango da, behin Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta lanegun batera kontatzen hasita. Memoria teknikoak 75 puntu izango ditu eta proposamen ekonomikoak 25. Horrez gain, idazkariak ñabarduna txiki bat egin nahi izan zuen, eta kanpineko igerilekuko sorosleak kloroa eta pHa neurtu beharko dituela argitu zuen, bai irekitzean, bai ixterakoan.

Aipatutako guztia aho batez onartu zen.

 

Udal Hilerriko arautegiari onarpena eman zitzaion

Hilerriko arautegiak 82 artikulo ditu, xedapen gehigarri bat, bi xedapen iragankorrak, xedapen indargabetzeko bat eta azken xedapena. Azkenengoak esaten du indarrean sartuko dela behin betikoz onartzen denean eta testu osoa Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean hamabost egunez egoten denean. 

Hau ere aho batez onartu zen, hamabi aldeko botorekin. Inongo alegaziorik aurkezten ez bada, behin behineko onarpena behin betiko bilakatuko litzake. Alegazioak egongo balira, berriz ere plenotik pasa beharko luke behin betiko onarpena emateko.

Gazteen aisia arautzen duten lokalen ordenantza

Behin betiko onarpena eman zitzaion, aho batez, Orioko gazteen aisialdiko lokalak arautzen dituen udal ordenantzari.  Udalbatzarrak 2013ko urriaren 31an behin behineko onarpena eman zion ordenantzari. Jendaurrean egon zen epean alegazio bat jaso zuen.

Atzoko bilkuran, alegazio hori aho batez onartu eta behin betiko onarpena egin zen, alegazioa ordenantzan bere osotasunean txertatu ondoren.

Bizikidetzaren eta giza eskubideen alde lanean

Orioko Bildu, EAJ eta Orain talde politikoek sustatutako adierazpen instituzionala onartu zuten ondoren, aho batez, bizikidetzaren eta giza eskubideen alorrekoa. Adierazpen instituzionalean diote, 2012an, bizikidetza eta giza eskubideen diagnostikoa eta udal plana burutzea adostu zutela, herriko hainbat eragilek Orioko bizikidetzaren inguruan zituzten pertzepzioa jasotzeko. Diagnostiko parte hartzailea egin zuten, beraz. 

2014 urtean, indarkeria politikoa eta giza eskubideen inguruan hausnartzeko, gure bizipenak eta sentsazioak partekatzeko, azterketa kritikoa egiteko eta bizi izan diren sufrimendu ezberdinak agerian jartzeko prozesua buru dugu, diote adierazpenean.

Gogora ekarri dituzte herrian gertatutako ezbeharrak, bidezkoak ez diren torturak, erahilketak, mehatxuak... Bizi izandako indarkeriak herritarren egunerokoan eragin zuzena izan dutela gaineratu dute. Tartean, polarizazioak, aurreiritziak, hitz egiteko askatasun faltak...

Bidegabekeria horren aurrean lanean jarraitu behar dutela dio adierazpen instituzionalak. Udalbatzak lanean jarraitzeko erantzukizuna hartu du. 

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide