Nazioarteko estropadak

Miguel Angel Millares: "Larunbatean, segundo berean lau ontzi helmugaratu daitezke"

Liga San Miguel 2015ko api. 1a, 12:05

Senior mailako gizonezkoen taldeko prestatzailea da Miguel Angel Millares. Liga San Miguelek egin dion elkarrizketa euskaratu dugu.

Zer da aulki mugikorra?

Arrauneko modalitate bat da; tostakoa da bat eta mugikorra bestea. Bien arteko desberdintasuna honakoa da: tostako arraunketan ez dira hankak erabiltzen, eta, mugikorrean indar gehien hankekin egin behar da. Paladaren lehen zatian ontzia mugitzea dakar hanken mugimenduak.

Aulki mugikorraren barruan hainbat ontzi daude: skiffa, doble skulla, lauko skulla, zortzikoa.

Txapelketak nolakoak izaten dira?

Normalean 2.000 metroko ibilbidea egin behar izaten da. Distantzia hori egiteko 6-7 minutu behar izaten dituzte, gutxi gorabehera. Kategoriaren eta ontziaren araberakoa izaten da denbora, horrek baldintzatu egiten baitu. Bi pertsonako ontziak, esaterako, 6:50 inguruan ibiltzen dira.

Tostako arraunketarekin alderatzen badugu, eta bereziki traineruen estropadekin, aulki mugikorrekoen distantzia lehertzekoa da.  Ez du zerikusirik batak bestearekin. Eta, bestalde, bi arraunekin ala batekin egin daiteke arraun.

Larunbatean txapelketa garrantzitsua duzue herrian.

Nazioarteko Estropadak izango dira larunbatean. Ingalaterrako bi talde datoz, Frantsesak, Andaluziakoak... maila handiko jendea dator. 700 metroko estropadak izango dira, oso motzak. 2 minutu inguruko estropadak izango dira, hortaz, ontzien arteko diferentzia ere txikia izango da oso. Segundo berean lau ontzi helmugaratu daitezke, erraz. Abiadura azkarra eta bizkortasuna oinarrian dituen modalitatea da. Indarra ere ondo erabili beharko da.

Bi modalitateak uztartu daitezke?

Bateragarriak dira, bai. Betidanik ezagutu dut aulki mugikorraren eta tostako arraunketaren uztarketa. Gertatzen dena zera da, ACT liga duela zazpi urte sortu zela eta gero eta zorrotzagoa dela, hortaz, aulki mugikorra albo batera utzi da.

Gure kasuan, esaterako, biak egiten ditugu. Ondo lan eginez gero eta ondo antolatuz gero, guztia egin daiteke. Baina, egia da, antolakuntza eta planifikazio lana eskatzen duela horrek. Mugikorrean ondo ibiltzen den jendeak azkarrago ikasten du tostako arraunketa; alderantziz, motelagoa da egokitzapena.

Zergatik?

Aulki mugikorra oso teknikoa delako. Koordinazio handia eduki behar da. Eta, tostako arraunketan, koordinazio eta teknika landu horri esker, errazago egokitzen zara.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide