Traineru Kluben Elkarteak batzar orokorra egin zuen martxoaren 28an, Hondarribian. Bertan, aurtengo aurrekontuak onartzeaz gain, datorren udako San Miguel ligako egutegia zehaztu zuten.
Ekainaren 28an hasiko da liga, eta hiru hilabetetan 19 jardunaldi izango ditu. Orioko XXV. estropada uztailaren 18an izango da. Galiziar uretako bi asteburuak errepikatu egingo dira aurten: uztailaren 4an eta 5ean Sanxenxon eta Moañan, eta abuztuaren 8an eta 9an Merian eta Cabon. Donostiako Eusko Label bandera uztailaren 12an jokatuko da eta Bilboko bandera abuztuaren 29an. Zarauzko estropada bikoitza abuztuaren 15ean eta 16an jokatuko da eta, ohi bezala, azken jardunaldia Portugaleten izango da, irailaren 20an.
Euskotren liga
Euskotren ligak zortzi jardunaldi izango ditu. Uztailaren 11n eta 12an jokatuko dira playoff estropadak, Pasaian eta Donostian. Ligan postua ziurtatua duen talde bakarra iazko irabazleena da, San Juanena; gainontzeko taldeak beste hiru postuengatik lehiatuko dira. Euskotren ligako azken estropada Zarautzen jokatuko da.