Testuinguru sozial eta ekonomikoa aldatuz doa, etengabe. Aldaketa horien erantzule da Orioko Plan Orokor Berria, etorkizunean nolako Orio nahi dugun adosteko balio duena. Herria urbanistikoki nola antolatuko den erabakiko da.
Jadanik hasi da erabakitzeko garaia. Otsailaren 3an, hain zuzen, jendaurrean aurrerakin dokumentua jarri zenean. Gerora bost bilera-ireki egin dira, herritarrak informatzeko eta iritziak nahiz proposamenak partekatzeko; dena den, aurrerapen dokumentuari ekarpenak egiteko epea hilabete barru amaituko da, maiatzaren 4an. Aldi bat itxiko da orduan, baina Orioko Plan Orokor Berria amaitutzat emateko denbora igaro beharko da, hiru urte gutxi gorabehera. Orain hastapenetan dago proiektua, lehen urratsak besterik ez dira eman.
Guztiz irekia den plan orokorra
Postontzietan Orio 2030aren inguruko aldizkaritxoa utzi zuten, etxe guztietara banatu.Bost gune agertzen dira eta gune bakoitzeko hiru proposamen. Herritarrak kokatzeko sortu zen liburuxka; paper zuriaren gainean ekarpenak ez egitearren, oinarri bat izan zezaten proposamenak errazago egiteko. Laguntzeko, alegia. Bete behar diren arauak oso zabalak eta zehatzak dira.
Zorroztasunez bete behar da legeak dioena, eta herritarrek kontzeptu horietara hurbilpen bat izan dezaten, eremuz-eremuko alternatibak garatu ditu Udalak. Hautsi, eraldatu edo aurrera eraman daitezkeenak, hau da, guztiz irekiak.
Gainera, plan orokorrak urbanistikoki Orioko herri guztia hartzen du. Hasteko, lehen iritziak jasotzeko, Udalarentzat esanguratsuenak zirenak hautatu ziren, baina eztabaida bost puntu horiek baina zabalagoa da.
Gutxienez 240 etxebizitza; gehienez, 420
Udalaz gaindiko erakundeek idazten dute plan orokorraren nondik norakoa, berek zehazten dute Udalak zein mugen artean hartu ditzakeen erabakiak. Muga horietariko bat etxebizitza kopuruarena da. Plan orokor berrian, derrigor, 240 eta 420 etxebizitza berri egon behar dute. Gainera, ezin dira guztiak inguru batean egin, gune bakoitzak ere bere maximo eta minimoak baititu.
Kopuru horiek ateratzeko hainbat faktore hartzen dira kontuan: demografia, estruktura piramidala, famili egiturak eta migrazioa. Orion dauden etxe huts kopuruak, oraingoz, ez du lekurik formulan. Aldatu egin nahi dute orain arteko formulazioa eta etxe hutsak kontuan hartu, baina oraindik ez da errealitatea.
233 etxe huts daude Orion
Kostako hainbat herrik bereizketa egiten dute, eta zehaztu egiten dute etxe hutsen artean zenbat diren bigarren etxebizitzak. Orion badira udako etxebizitza ugari, urte sasoi horretan populazioak gora egiten du. Baina, azkenekoz IBIk errekargua egin zuenean, ez ziren bereiztu bigarren etxebizitza horiek. Hortaz, guztiak zaku berean daude.
Bestalde, etxebizitzen profila nolakoa izango den ere adostu behar da. Orain arte, plan orokorrak zioen etxebizitzak, gehienez, behe solairua, hiru pisu eta teilatuko solairua eduki behar zituela. Kostaldeko herri gehienetan horrela da, baina Orion nola izango den erabaki behar da.
Ekipamenduak: zein eta zenbat arautu gabe
Legeak espazio libreen erabilera zehazten du, zurrunki gainera, baina ez ekipamenduena. Garapen bakoitza egiten denean ekipamenduentzat gutxieneko eremu bat derrigortzen du, baina ez du zehazten zein zerbitzurako izango den.
Udalaren ardura da ekipamendu horiei erabilera bat edo beste ematea, baina, sarritan, Jaurlaritzak du azken hitza. Anbulatorioan edo ikastetxeetan obra egiteko beharra ez du sumatu, orain arte, behintzat. Ekipamendurako partzela Udalak jartzen du, baina eskumena ez da Udalarena.
Jasangarria eta bideragarria izatea ezinbestekoa
Egin, baina zer dirurekin? Nola finantzatuko da? Galdera hori egiten du Udalak proposamen bakoitzaren ondoren. Errentagarria behar du izan egiten denak. Errentagarria eta jasangarria. Ertz askoko kontzeptuak biak ala biak.
Hazkundea ez dadila gehiegizkoa izan, ez ditzala dauden baliabideak agortu eta ingurune naturalak kaltetu. Oriok legeak araututako espazio libreen kantitatea bikoiztu egiten du: arauak biztanleko 5 metro karratu egon behar dutela dio eta Orion 15ean gaude. Oro har kalitatezko espazio libre asko du Oriok, nahiz eta leku jakin batzuk gabeziak dituzten.
3.128 kotxe erroldatu eta 4.362 aparkaleku
Aparkaleku gabezia ere badago zonalde batzuetan, Eusko Gudarin, esaterako; baina, Orion, ez dago aparkaleku faltarik. Orion 5.800 biztanle daude, gutxi gorabehera, eta 2015eko datuen arabera, 3.128 kotxe daude erroldatuta. Horientzako aparkalekuak, guztira, 4.362 dira. 2014ko abenduan eguneratutako zerrendaren arabera, 2.358 garaje plaza daude, gehienak lur azpian. 2015eko zenbaketaren arabera, 1.872 aparkaleku daude lurazalean eta 132 plaza Munto, Arozena eta Anibarko portuan.
Bileretan hondartzako aparkalekuak hizketa gai izan dira hainbatetan. Askorentzat urrutiegi daude hirigunetik, baina, beste batzuen ustetan, ez. Pertzepzio kontua da.
Frontoia dagoen lekuan ala beste nonbait?
Antzekoa gertatzen da frontoiarekin. Inguru degradatu eta ilun batean kokatzen da egun, arnas falta dagoen tokian. Adituek hiri lurrean gaizki txertatuta dagoela diote. Baina, nora mugitu behar da?
Dagoen tokitik atera eta hondartzara mugitzea da plan orokorraren planteamenduetako bat, baina herritar asko eta asko asmo horren aurka daude. Herrigunean egotea nahi dute askok, kiroldegi ondoan, esaterako. Ezinezkoa da hori, ordea. Costasek atzera bota du jada proiektu hori, legea urratzen baitu. Dena den, ez da baztertzen frontoia dagoen tokian uzteko aukera.
Urte luzeko eztabaida da frontoiarena, aspaldi hasi eta oraindik amaitu ez dena. Instalazio egokiak bermatu nahi dira pilotarientzat, eta, aldi berean, erabilpenerako eskura izatea garrantzitsua ikusten da. Baina, zaletasuna sustatzeko nola bilatu oreka?
Euria egiten duenean, frontoia jolastoki
Urte guztian euria egiteko probabilitateak handiak dira Orion. Euria gogoz egiten du eta aisialdia kanpoaldean, lasai, igarotzeko aukerarik ez dago. Estalpera joan behar.
Haurrek frontoian aurkitzen dute babesa . Baina, pilotan jokatzeko tokia denez, maiz, okupatuta egoten da. Irtenbide bat eman behar zaio arazoari, eta hainbat proposamen jarri dira mahai gainean: herriko parke bat estaltzea edo estalpe bat egitea haurrak jolastu ahal izateko. Aukera guztiak aztertu behar dira, egokiena zein den ikusteko.
Interes handia, parte hartzea ez horrenbeste
Lehen fasean, orotara, bost bilera-ireki egin dira.Kopuruz handitik txikira joan dira, 60 lagunek hasi eta 30 lagunekin amaitu; edukiz, alderantziz, gero eta ekarpen gehiago egiten joan dira.
Interesa erakutsi du jendeak, baina jendaurrean iritzia emateko eta proposamenak egiteko pausoa gutxi batzuk eman dute. Eta, hori da, hain juxtu, Udalak eskertuko duena: proposamenak.
Bileratan esanda ez ezik, idatziz ere jasoko dira proposamenak. Bi bide daude horretarako: bata, udal bulegoetan aurkeztea, eta bestea, orio2030@orio.eus helbidera idaztea. Finean, plan orokorra herriaren garapena zehazteko instrumentua da, eta horretarako herritarren beharrak zeintzuk diren jakitea ezinbestekoa da.