Badira bi hilabete Oriotik irten eta Herbeheretara iritsi nintzela. Erasmusen where are you from? –nongoa naizen– galdetzen didate etengabe. Orduan, euskalduna naizela erantzuten diet. Baina gehienek ez dakite non dagoen gure herria, beraz espainiar iparraldekoa naizela esan behar izaten dut. Behin espainiarra naizela esanda, berdin du euskalduna, kataluniarra edo andaluziarra izan. Mundu guztiarentzat typical spanish naiz. Siesta, sangría, fiesta, toros, paella eta Macarena bakarrik ezagutzen dituzte.
Mila aldiz azaldu behar izan dut nik ez ditudala sevillanak dantzatzen, ez ditudala zezenketak gustuko, eta ez dakidala sangria zer den. Baina jendearentzat ulergaitza da hori. Denentzat Spanish izaten jarraituko dut. Esaterako, aurrekoan, unibertsitaterako lan bat gainontzeko ikaskideek baino azkarrago bukatu eta irakasleak harrituta galdetu zidan ea espainiarra nintzen. Uste zuela han alferrak zirela. Nik euskalduna nintzela erantzun nion.
Gaztelaniaz beharrean euskaraz hitz egiten dudala ulertzea ere kostatu egiten zaio jendeari. Baita espainiarrei ere. Egin kontu, Malagako batek esan zidan uste zuela euskara jende zaharrak bakarrik hitz egiten zuela eta ez zela ia erabili ere egiten. Denbora honetan jabetu naiz aurreiritzi asko ditugula besteekiko. Nik uste, beste kulturak eta jendea hobeto ezagutu beharko genituzkeela arinkerian ez erortzeko.