Historikoki 1980ko hamarkada Oriorentzat eskasena izan zen emaitzak eta estatistikak ikusita. Salbuespenez, goraipatzekoa da oraindik –1979an Munduko txapeldunak izanda gero– Elizaldek,Redondok eta Puertasek pisu arinen kategorian, Mundialetako podiumetan kolore horia harro erakutsi izana.
Traineruari dagokionez, beste bi oriotar entrenatzaile lanetan aritu ziren: Korta Kaikun ibili zen eta Olasgasti, Luxia, Zumaian. Bien artean, garaipen handiak lortu zituzten hamarkada hartan bost Kontxa irabazi baitzituzten, esaterako.
1982rako Juanito Altxerri historikoak goi mailako kuadrilla biltzea lortu bazuen ere, Kaiku eta Zumaia oso aurkari indartsuak ziren. Izan ere, 1983ko Kontxako kanporaketa polemikoan bi horien boikota izan zen modu bakarra urte horretako Kontxako bandera etxeratzeko.
1990 Kontxarako sailkatu ere ez
Hamarkadaren erdian Patxi Sarasua zuzendari tekniko jarrita, arraunketa olinpikoari lehentasuna ematea izan zen helburua, gero traineruko emaitzak hobetzeko. Ez zen ondo atera planifikazio hura, eta, lau urteren buruan, Oriok hondoa jo zuen Kontxako estropadetarako sailkatu gabe geratzean. Ondorioz, Iñaki Sarasua presidentea zeneko zuzendaritza taldeak Korta ekartzea erabaki zuen, egoera tamalgarri hari buelta emateko. Kortak taldean zeuden gazteei beterano batzuk gehituta, 1991ko Kontxa irabazteko zorian jarri zuen Orio. Lehengo igandean denborarik onena markatu eta gero, San Pedroko Libia gailendu zitzaien azken sailkapenean.
1992 Hamar urte ondoren, Kontxa Oriora
Nabarmena zen Orio traineruen lehen mailara itzuli zela. Kortaren bueltarekin, eta babesle indartsuei esker, taldean gaur arte irauten duen oinarri sendoak jarri ahal izan ziren.
1992an Orioren berpiztea baieztatu zen Donostiako Badian. Pasaian izandako zatiketatik sortutako Donibaneko Arraunlariak taldeko traineruarekin borroka bizian, Kortaren mutilak Kontxan nagusitu ziren, banderarik irabazi gabe hamar urte luze eta triste igaro ondoren.
Ondorengo urteetan, San Pedro eta Donibaneko arraunlariak taldeekin buruz buru gogorrak izan zituzten gure mutilek. Ordurako, ordea, hazia jarrita zegoen, eta belaunaldi gaztearen eskutik, hamarkadaren bigarren erdian beste hiru Kontxa irabazi ziren, eta zortzikoan ere jaun eta jabe izan ziren oriotarrak 1994tik, urtero, Estatu mailan.
1990 Ibon Urbieta mundialetan bikain
Urte haietan, ordea, ikusi zen 80ko hamarkadan elkartean egindako lanaren emaitza. Egindako lanak fruituak eman zituen. Ibon Urbieta lanean jarrita zegoen Bartzelonako Joko Olinpikoei begira; eta, 1990 Munduko Txapelketetan, agian, elkartearen historian lortu den emaitzarik onena lortu zuen. Pisu absolutuen mailan, lemazain bikoan zilarrezko domina irabazi zuten. Bikote bakar batek gainditu zien, Italiako Abbagnale anaien bikote ospetsuak, alegia.
Oxford Cambridge - Orio mitiko haiek
1965ean Club de Remo Olímpico de Orio elkarte berria sortu eta hiru urtera, 1968an, jokatu ziren lehenengoz Nazioarteko Estropadak. Ikusmin handiz, Oxfordeko zortzikoa etorri zen Oriora eta, garai hartarako lorpen izugarria, Espainiako telebistak emititu zuen.
1969 Aurreneko Oxford-Cambridge - Orio
Aurreneko aldiz Oxford-Cambridge Orio estropada jokatu zen, gerora lau alditan jokatu zena eta Cambridgeko zortzikoa nagusitu zen, Oriori lau segundo pasata kenduta.
1970 Orio nagusi
Uda hartan traineruak garaipen historikoak lortu zituenaren antzera, Orioko zortzikoak Oxford eta Cambridgeko talde mitikoak gainditu zien Oria itsasadarrean jarritako 2000 metroko estropada eremuan.
1971 Alemaniarrak gailendu ziren
Oxford Cambridgeko zortziko mistoa bertaratu zitzaigun 1971eko ekitaldira. Oriotarrak ez ezik –bigarrenak, 3 segundotara-, Alemaniatik etorritako Munich Frankfurt zortziko mistoak mendean hartu zuen zortzikote britainiarra.
1973 Estatubatuarrak Orion
Urte hartan Orioko Nazioarteko Estropadek ozeanoz bestaldeko ordezkaritza izan zuen: Estatu Batuetako Floridako Columbus Day taldea. Amerikar zortzikoak buruz buruko ikusgarria izan zuen Belgikako selekzioko taldearekin. Biak ere segundo berean helmugaratu ziren, ordena horretan, eta oriotarrak lau segundotara utzi zituzten.
1974 Cambridge, Orio eta Oxforden aurretik
Polonia, Italia eta Alemaniako taldeak ere Orion izan ziren urte hartan. Zortzikoen estropadan, berriro jokatu zen oriotarren eta Britainia Handiko bi zortziko mitikoen estropada. Cambridgekoa nagusitu zen erraztasunez, eta Orio eta Oxford, ordena horretan, ia denbora berean, hamarreko baten barruan iritsi ziren helmugara.
1976 Oxford nagusi, eta Orio bigarren
Oxford eta Orioko zortzikoen borroka izugarria izan zen protagonista 1976ko ekitaldi hartan. Segundo erdiz lortu zuten gailentzea urdin iluneko britainiarrak. Cambridgekoak, berriz, hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuten.