Jakin-mina bere baitan errotua duen joera askotariko gitarrista polifazetikoa, konposizioan ez ezik inprobisazioaren munduan ere gogo biziz barneratzen dena. Folka, rocka, psikodelia eta tresnen esperimentazioa: proposamen artistiko bikain bat, harrigarria eta sailkaezina aldi berean. Honela definitzen du bandcampean bere burua Joseba Irazokik.
1974an sortu zen Beran. Maixa eta Ixiar, Xabier Montoia, Petti, Anje Duhalde, Mikel Erentxun, Aton Rhumba, Duncan Dhu eta beste hainbat lagunekin eta talderekin igo da oholtzara Irazoki. Taula gainean egoteko azken aitzakia Lugaritzeko Kultur Etxeak egindako proposamena da. Beste musikari batzuekin kontzertu bat emateko proposamena egin zioten, eta kontzertua ondo atera zenez, musikari haiekin disko bat grabatu zuen: Joseba Irazoki eta lagunak.
Hori da kaleratu duen azken lana, talde formatuan; baina, halaber, ez dio utzi bakarkako kontzertuak emateari. Ostiral honetan, apirilaren 17an, bakarlari formatuan arituko da Orioko kultur etxean. Aretoaren aforoa mugatua denez, 120 ikuslerentzako dago tokia, Udalak gonbitak jarri ditu eskura kultur etxean. Gaur hasiko dira gonbitak banatzen.