Nolakoa da euskararen egoera Agurainen?
Asko aldatu da egoera. Ni ikastolan ibiltzen nintzen garaian ia inork ez zuen euskaraz egiten. Gipuzkoatik etorri zirenek bakarrik hitz egiten zuten euskaraz, baina bertako jendeak ez. Nire belaunalditik behera, ikastola joaten hasi ginenok, euskaraz ikasi genuen, baina kalean dena gazteleraz egiten zen.
Aldaketa nabaritu dut azken bost edo hamar urtetan, ikastolan ikasitako belaunaldi hura umeak izaten hasi zenetik-edo. Umeekin euskaraz hitz egiten dute horiek, eta koadrilatan ere ohitura aldatzen joan da.
Nik kanpotik ikusten dut aldaketa hori: hamaika urte dira ez naizela Agurainen bizi, eta joaten naizenean koadrila batzuk tabernan euskaraz entzuteak asko pozten nau.
Oriotarrek zer daukate ikasteko aguraindarrengandik?
Hemen, Orion, beti hitz egin izan da euskaraz, eta hori normaltzat hartzen da. Agurainen egin den esfortzu hori, betidanik egon den ohitura bat aldatzeko, kontuan izatekoa da. Hemen ez da esfortzu hori egin behar, hemen bizitza euskaraz da.
Eta alderantziz?
Nik uste dut hemen asko bizi dela euskara orokorren; hizkuntza, kultura... dena. Eta agian hori da falta zaiguna Agurain bezalako herrietan; ez dugulako bizi gure etxeetan, ez daukagulako barneratuta euskaraz bizitze hori. Espero dut urteekin, pixkanaka, lortuko dugula.
Zer iruditzen zaizu Oriotik Agurainera korrika egitera joateko ekimena?
Sorpresa hartu nuen. Ez nekien ekimen hau zegoenik eta kasualitatez jakin nuen hango lagun batzuen bitartez. Oso ongi iruditzen zait, egia esan. Aguraindarrontzat, ia 100 kilometrotik jendea korrika egitera etortzea pozgarria da. Korrikaren aitzakiarekin bultzada bat ematen zaio herriari.