Lider lau kategoriatan

Karkara 2015ko mar. 23a, 08:17

Estropada bat falta da Gipuzkoako Batel Liga amaitzeko, datorren larunbatekoa, Getariakoa. Asteburu honetan 13 ontzi aurkeztu ditu OAEk Zumaiako jardunaldian eta hiru estropada irabazi ditu.

Gipuzkoako Batel Ligako azken jardunaldietan daude murgilduta arraun klubak. Orioko Arraunketa Elkartea bide onetik doa, emaitza onak lortu ditu, eta liga maila horretan amaitzea espero du. Asteburu honetan ere ontzi ugari aurkeztu ditu Zumaian jokatutako estropadan eta hiru garaipen lortu dituzte.

Larunbatean jokatu zen ligako 11. jardunaldia, Zumaian. Emakumezko infantiletan hiru ontzi aurkeztu zituen Oriok, eta A batela bigarren sailkatu zen. Irabazleak, TAKek hamabi zentesimako tartea atera zion, oso alde txikia. Irabazi ez arren, sailkapen orokorrean lider dira emakumezko infantilak, tolosarrei bost puntuko aldea ateratzen die.

Etorkizuneko emakumezkoak ere bigarren sailkatu ziren Zumaian. Ligako sailkapen orokorrean laugarren postuan daude oriotarrak. B ontzia hamaikagarren sailkatu zen. Jubeniletan irabazi egin zuen A taldeak eta lider jarraitzen dute bederatzi puntuko aldearekin. B batelak bosgarren egin zuen.

Gizonezko infantilek lau ontzi aurkeztu zituzten. A ontziak estropada irabazi zuen eta lider jarraitzen du sailkapen orokorrean, bigarrenari zazpi puntuko aldea ateratzen diolarik. B ontziak zazpigarren egin zuen, C ontziak hamahirugarren eta D ontziak hamazazpigarren.

Kadeteetan A taldeak lidertza sendotu du. Larunbateko estropada irabazita 13 puntuko aldea ateratzen dio bigarren sailkatuari. B ontziak zortzigarren egin zuen Zumaian.

Mutrikun jokatzekoa zen estropada, igandeko jardunaldia, bertan-behera gelditu zen denboraleagatik. Hortaz, estropada bat besterik ez da gelditzen Gipuzkoako Batel Liga amaitzeko. Jardunaldi baten faltan lau kategoriatan lider da Orioko Arraunketa Elkartea: infantiletan emakumezkoetan eta gizonezkoetan, jubeniletan eta kadeteetan. Azken jardunaldia Getarian izango da, hilaren 28an, larunbatean.

 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide