Liga hasierako bi partiduak galdu ditu OBBk

Karkara 2015ko mar. 18a, 13:10

Argazkia: OBB

Liga hasteko bi partida jokatu zituen Katalunian OBBk eta biak galdu zituzten. Asteburu honetan etxean jokatuko dute Gavako Projecteren kontra.

OBB taldeak Kataluniako lurraldeetara bidaiatu du Sofboleko Liga Nazionalari hasiera emateko. Bertan, Sant Boi aurreko denboraldiko ligako txapeldunordearen eta Kopako txapeldunaren aurka jokatu ditu jardunaldiko lehenengo bi partiduak.

Irabazten hasi, galtzen bukatu

Lehenengo partidua oriotarren alde hasi zen, lehenengo entradatik, pilota behin eta berriro ondo lotu ostean bi karrera sartzea lortu baitzuten. Jaurtitzeko zirkulutik, Kubako Yusmeri Pachecok, lehenengo entradetan bateatzaile katalanak menderatzea lortu zuen.

Nahiz eta zenbait jokalditan Orioko taldeak jokalariak karrera egiteko postuan eduki, ez zuen
aukera aprobetxatzen jakin.  Eta, ondorioz, San Boik 6. entradan partidua berdintzea lortu zuen. Ondoren,
karrerarik gabeko atake baten ostean, eta 2-2ko markagailuarekin, Sant Boik karrera bat egin eta berdinketarekin haustea lortu zuten.

Aipatzekoa da Katia Coellorek egindako lana bateatzaile postuan, hiru hitz egin baitzituen, horietariko bat bikoitza.

Markagailuan alde handia

Bigarren partiduan oriotarrak aurretik jarri ziren hasieran, bi karrera jarraian egin zituzten. Baina, katalanak berehala hartu zuten aurrea, lau karrera lortuta.

Hortik aurrera euskaldunak markagailuari karrerak gehitzen saiatu ziren arren, ezinezkoa egin zitzaien Kataluniako jaurtitzailea menperatzea. Etxeko taldeak, ordea, karrerak batu ahal izan zituen, eta pixkanaka-pixkanaka markagailuko aldea handitzen joan zen. Partidua 10-2 emaitzarekin amaitu zen.

Azpimarratu beharrekoa da Amaia Larraza jaurtitzaile kadetearen debuta Liga Nazionalean. Berak egin zuen partiduko azken sarrera, katalanei karrerarik egiten utzi gabe.

Hurrengo jardunaldian OBBk etxean jolastuko du Gavako Projecteren –Bartzelona– aurka.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide