Ostiral iluntzean bildu ziren Orio Arraunketa Elkarteko 80 bazkide Orioko kultur etxean. Ohiko batzar nagusia egin zen eta bost gai nagusiren inguruan jardun ziren hizketan.
Lehenik eta behin, 2014ko otsailaren 21ean egin zen batzarreko akta irakurri zen. Inongo eragozpenik gabe, aho batez, onartu zen. Ondoren, iazko denboraldik emaitzak errepasatu ziren eta azpimarragarrienak zerrendatu zituzten.
Zenbaki biribilak 2014ko denboraldian
2014 denboraldiko lehiaketetako parte-hartzea handia izan zen. 104 estropadatan hartu zuten parte, 460 ontzi aurkeztu zituzten ekitaldi horietan eta 3.886 pertsona mugitu ziren estropada horietara lan egitera edo lehiatzera. Oriok antolatutako estropadak 14 izan ziren: 6 aulki mugikorrekoak, 3 batelekoak, 2 trainerillatakoak eta 3 trainerukoak.
Emaitzei dagokionez ere zenbaki biribilak lortu zituzten iaz. 103 sari irabazi zituzten: 52 aulki mugikorrean, 27 bateletan, 9 trainerilletan eta 15 traineruan. Lortutako banderak ere asko izan dira, 22: 1 aulki mugikorrean, 10 bateletan, 3 trainerilletan eta 8 traineruan.
Horrez gain, aipamen berezi ugari jaso dituzte Imanol Garmendia eta Aitor Zabala Orio Arraunketa Elkarteko arraunlariek. Munduko txapeldun izendatu ziren 23 urte azpiko pisu arinetan, lemazain gabeko laukoan, Italian, uztailaren 27an. Horren harira Espainiako Arraun Federazioaren Sari Nazionaletan omenduak izan dira. Orio Arraunketa Elkartea ere omendua izan zen Arraun Federazioaren sarietan.
Egoera ekonomiko osasuntsua
Iazko balantzea positiboa da; gastu eta sarreran arteko orekan, sarrera gehiago daude gastuak baino. Guztira 534.000 euro gastatu zituen Orio Arraunketa Elkarteak, eta 536.000 euroko sarrera izan zuen. Hortaz, iazko balantzea 2000 euro positibokoa da. Aurtengo aurrekontua, 2015 urtekoa, 520.000 eurokoa da.
Iazko balantze ekonomikoa eta aurtengo aurrekontua onartu ziren.