Orio 2030 Hiri Plan Antolamendu Orokor Berriaren lehen faseko azken bilera egin zen atzo, martxoaren 12an, ostegunarekin, 20:00etan, kultur etxean. Natur baliabideak eta lurzoru urbanizaezina izan zen gaia. Azken bilera-ireki honetara ez zen jende asko joan, hogei lagun inguru bildu ziren.
Orion guztira, 990 hektarea inguru daude; horietatik gehiengoa, %92,40, urbanizaezina da; gainontzekoa, hiri-lurra da. Ehuneko handi horri heldu zioten atzoko bileran eta Mikel Iriondok azpimarratu zuen landa lurra bere aberastasun guztiarekin hartu behar dela kontuan. Egoera ezberdinean daude Orioko natur baliabideak eta hori presente eduki behar dugula gaineratu zuen.
Mapan desberdintasun hori koloreekin ikusi daiteke. Berde ilunez agertzen dena baso autoktonoa da; marroiez, beste era bateko basoak; morez, Mendizorrotz pareko sabaiak; gorriz, Motondo; eta berde argiagoz, herriko belardi eta baratzak.
Landa lurraren barruan interes bereziagoa duten guneak daude, Orioren kasuan mapan agertzen diren Motondo, Motondoren alboko ibai ingurua, itsaslabarra, eta bertako zuhaitz eta basoak.
Ibaiaren ingurua babestutako gunea da. Horrez gain, interes komunitarioko gunea ere bada –gaztelaniaz LIC deiturikoa–. Europa mailako parke natural sarea egin da, eta parke hori sare horren barruan dago. Horrez gain, itsaslabarretan agertzen diren lerro urdinak ere oso garrantzitsuak direla gaineratu zuen Iriondok, itsasora doazen errekak baitira.
Azkenik, beste mota bateko arreta merezi duten guneak azpimarratu zituen: kutsatuta dauden lurrak –gorriz borobilduta ageri direnak–, lur azpian gauzak dauden puntuak –ur-depositoak esaterako eta urdinez irudikatzen dira mapan–, babes neurriak behar dituzten guneak –berdez– eta aldapa handiko eremuak zeinak luiziak egoteko arrisku handia duten –laranjaz–.
Galderak publikoari eta publikoak galderak Udalari
Plan Orokor Berriari begira ondorengo galderak egin zituen Mikel Iriondok:
- Landa lurraren mugak mantendu behar ditu ala ez?
- Palotas, adibidez, urbanizatu daitekeen lurrera pasa behar da, edo ez?
- Landa lurreko baserri eta eraikuntzekin zer egin behar da?
- Aizperrok industria gune izan behar du, bai ala ez?
Herritarrek galderei erantzun zieten eta berek ere galderak egin zituzten. Aizperrori dagokionez, zazpi urte igaro direla eta bere horretan jarraitzen duela azaldu zuen herritar batek. Ez dela ezer ere ez egin. Eta, horren harira, galdera bat egin zuen: Udalak pentsatu al du beste lekuren bat industria gune izateko?
Udaleko arkitektoak erantzun zion pentsatu eta aztertu egin dela, baina aukerarik ia ez dagoela. Dagoen eztabaida bestelakoa dela, Aizperro bai ala ez. Hori dela mahai gainean dagoena, eta ez Aizperro ez bada garatzen non garatuko dugu industrialdea? Botalekuri garapen txiki bat besterik ez zaiola geratzen gaineratu zuen.
Baratzean ibiltzen den herritar batek Palotasi etorkizun gutxi ikusten diola azaldu zuen. Bera han gustuz ibiltzen dela, baina baratzak oso egoera txarrean daudela, urpean, argitu zuen.
Baserritar batek hartu zuen hitza ondoren. Wifia beren etxera iristen ez dela gaineratu zuen, Aizperro inguruan ez dagoela, eta udalari jartzeko eskakizuna egin zion. Udalak 2010 urtean San Martin bailaran wifi sarea egoteko lanak egin zituen, baina berei iristen ez bazaie, kontuan hartu eta gaiari helduko diotela aitortu zion Pilar Azurmendi arkitektoak.
Landa lurrari dagokionez, Oria itsasadarrean dauden lurrei, jaurlaritzak, kontserbazio berezia egiteko plana martxan jarri duela azaldu zuen beste herritar batek. Plana Udalak gauzatu ez arren, lurrak bereak direla gaineratu du; eta, hortaz, udalaren iritzia zein den jakin nahiko lukeela azaldu zuen. Iriondok erantzun zion horrelako planak maniobrarako lekurik ez dutela izaten eta udalaren eskumena ia ikusezina izango dela.
Bestalde, Orio eta Donostia lotzen dituen 121 bidea –kostako bidea– zabaltzeko proiektua zegoela ere azaldu zuen, miradoreak eta izango zituena. Proiektu horren garapenak Orioko lurrei min handia eragingo liokeela gaineratu zuen. Udal teknikariak azaldu zion bide hori deskatalogatu egin dutela eta ministerioaren proiektua –miradoreak jartzearena– geldirik dagoela.
Txankatik Igeldorako bidea Gipuzkoako Foru Aldundiarena izateko eskaria ere egin zen. Teknikariak azaldu zuen eskari hori hainbatetan egin dela eta beti ezezkoa atera dela. Bestalde, autopistatik txankara jaisteko oso arriskutsu dagoela esan zuen herritar batek, batez ere eguzkia dagoenean. Berak bi eskapada izan dituela azaldu zuen eta Udalak oinezkoentzat zubia egin bitartean tunelean argiak jartzeko eskaria egin zitekeela esan zuen.
Amaitzeko, etorkizunera begira, hondartzako eremuaren berreskurapena egitea jarri zuen mahai gainean bertaratutako batek. Hondartzan egin diren azpiegiturak soberan daudela irizten zion –kanpoko eta barruko barra nahiz zabaldegia, esaterako–, eta horiek lehengora itzultzeak herriari onura ekarriko ziola gaineratu zuen.