Esparru libreak eta ekipamenduak hiru lurrean nola antolatuta erabaki behar da Orio 2030 Hiri Plan Antolamendu Berrian. Orain, proposamenak egiteko eta horiek aztertzeko garaia da, eztabaida piztekoa; gero, erabakiak hartzeko. Atzo gai honi heldu zitzaion bilera-irekian eta iritzi trukaketa ugari izan ziren.
Indarrean dagoen planeamendua oinarri hartuta egiten ditu lantaldeak proposamenak. Oinarri horretatik abiatuta proposamen osatuagoak edo guztiz ezberdinak egiten dira. Baina, hasiera-hasieratik argi utzi nahi izan zuen Mikel Iriondok prozesua guztiz irekia dela, hortaz, proposamenak ere libreki egin daitezkeela.
Orioko esparru librearen azalera, guztira, 110.000 metro karratukoa da. Metro karratu horiek bitan zatitzen dira: kalitate onekoak eta kalitate gutxikoak. Kalitate onekoak, hau da, dimentsio handiagoa dutenak, 90.564 metro karratu osatzen dituzte. Kalitate txikiagokoak, 18.578 metro karratu. Biztanleko 15 metro karratuko espazio libre kalitatezkoa dago herrian.
Baina, zer egin espazio libre horretan? Galdera horri erantzun nahi diete. Nola? Proposamenekin, eta horiek planteatzerakoan hainbat irizpide kontuan hartuta. Batetik, Orioko hiru lurraren kalitatea ahalik eta onena izatea; bestetik, legeak eskatzen dituen minimoak betetzea; arestian aipatu bezala, indarrean dagoen planeamendua kontuan hartzea; horrez gain, Orioko itsasadarrak duen garrantzia esparru librearekin eta bizikleta sarearekin lotzea; eta, garatutako esparru berri bakoitzak eskatzen duen espazio librea izatea, besteak beste.
Orokortasunetik xehetasunera igaro ziren, ondoren. Adibideak jarri zituen, aukerak mahai gainera ekarri, eta, horrela, entzuleen iritzia jaso.
Frontoia: dagoen tokian edo beste lekuren batean?
Lau proposamen azaldu zituen. Lehenengoa, dagoen moduan uztea; bigarrena, dagoen tokitik mugitu, frontoi txiki bat utzi eta gainontzekoa etxeak egiteko erabili; hirugarrena, hondartzara mugitzea; azkena, kirol instalakuntzak dauden gunera mugitzea, baina, Kostasen legearen ondorioz, aukera hori oso zaila da.
Herritarretako batek hartu zuen hitza, eta frontoia bere horretan utziko zukeela esan zuen. Berritu egingo zukeela, baita ondoko etxebizitzak ere, baina berririk egin gabe. Orduan, ondorengo galdera egin zion Iriondok: eta hori egiteko finantziazioa nondik lortuko duzu?
Beste batek aipatu zuen urte luzeetako gudua dela frontoiarena. Berek aspalditik dabiltzala frontoiaren obrarekin bueltaka, eta mugituz gero, gutxienez kosta inguruan, herriaren erdigunean, egon beharko lukeela irizten zion. Bestalde, aipatu zuen frontoi motz batek, gutxienez, 36 metro eduki behar ditu; eta luze batek, 54 metro.
Aho batez zioten frontoia hondartza ingurura mugitzea ilogikoa dela. Urrutiegi egongo litzatekeela eta jendea ez litzatekeela joango.
Umeentzat jolasleku estalia
Haurrek, eguraldi txarra egiten dutenean, frontoira joaten dira. Batzuetan, frontoia jendez lepo egoten da, eta haurrek ez dute tokirik edukitzen. Hortaz, parke estalia egiteko beharra ere ikusi zuten bertaratutakoek.
Herritar batek proposatu zuen kiroldegiko atzealdean, Casas Baratasen parean, dagoen lurra kendu eta horri sabaia jarrita umeek jolasteko tokia izango zutela. Bestalde, Amaia Dorronsoro zinegotziak aipatu zuen estalpe finko bat jartzeko aukera ere ezin dela baztertu, hainbat herritar bide hori hartu dutela umeek euria egiten duenean jolastu ahal izateko.
Arozena ekipamendu publiko bilakatzeko aukera
Diken gutxieneko etxebizitza kopurua egin beharko litzatekeen galdetu zuen publikoko batek Arozena ekipamendu publiko bilakatuko balitz. Iriondok garapen guztiak argazkian politak izateaz gain, bideragarriak izan behar dutela erantzun zion. Aztertu beharreko zerbait litzatekeela gaineratu zuen; Dike eta Arozenak eskatzen dituzten beharrak zein diren ikusi –kostuei dagokionez–.
Horrez gain, Arozenari konponbidea bilatzea ez dela erraza gaineratu du. Batetik, katalogatuta baitago eta ondarea baita; bestetik, kostu handia duelako; eta, amaitzeko, ezaugarri fisiko eta arkitektonikoei erreparatuz gero, erabilpena ematea oso zaila delako. Herritar batek azken hori berretsi du. Arozena barruan obra egitea oso zaila dela duen egituragatik.
Kofradia berreskuratzeko asmoa
Kofradia Zaharraren egoera tamalgarria dela esan zuen herritar batek. Egoera horretan eduki baino, hobe dela botatzea. Miriam Uranga zinegotziak azaldu zion Udaleko alderdi guztiek bat egin zutela kofradiaren eraberritzean. Obra uste baina gehiago luzatu dela gaineratu zuen, konplexua delako oso, eragile askok baitute esku-hartzea lanean.
Kofradia Orioko eraikin enblematikoa dela aitortu zuen, eta mantentzearen garrantzia azpimarratu zuen. Horrekin bat egin zuen herritarrak, eta aurretik esandakoari zehaztapen bat egin zion: mantendu egin behar da, txukun jarri; hori egin ezean, hobe botatzea.
Arrantza bezain garrantzitsua ontzigintza
Orio bapore-egile herria dela azaldu zuen bertaratutako beste batek. Ontziolak egiten zirela bereziki herrian, hortaz, Mutiozabaleko ontziola mantentzeko eta behar den egoeran jartzeko beharra azpimarratu zuen.
Mantendu beharreko beste dokumentu bat Gureak-eko eraikina iruditu zitzaion beste herritar bat. Dena den, iritzi kontrajarriak sortu ziren horren inguruan, bateren batek ibaitik gertuegi zegoela uste baitzuen.
Palotako baratzak ez kentzeko nahia
Palota eremu agrologikoa dela azaldu zuten. Parke periurbanoa egitea proposatu zuen herritar batek, baratzen barruan ibiltzeko tokia izango duena. Horretarako jabeekin adostasunera iritsi behar dela eta despropiazioa egin behar dela azaldu zuten, baina Udalak ere asmo hori zuela eta horretan lanean ibili dela gaineratu zuen.
Beste herritar batek buruarekin jokatzeko eskatu zuen, Palota uholdeak hartu dezakeen gunea baita. Gainera, zementua jarriz gero, uholdeak egoteko aukera areagotu egiten dela gaineratu zion beste entzule batek.
Aizperroren etorkizuna ezbaian
Etorkizun handirik ez dio ikusten herritar batek industriaguneari. Enpresa handi bat bertara joatea ezinbestekoa iruditzen zaio, honela, industriagunera beste enpresa txikiago batzuk ere mugitzeko aukerak areagotuko baitira. Enpresa handirik joan ezean, mugimendu gutxi ikusten dio Aizperrori.
Erabakiak hartzeko momentu egokia da plan orokorra. Herriko beharrei erantzun behar die, baina kontuan eduki behar da hartutako erabakiek ondorioak izango dituztela. Duela hamar urtetik hona gaizki egindakoak kontuan hartzea garrantzitsua ikusten du herritar batek, berriz horrelako akatsak ez egiteko. Orain, hortaz, garrantzitsua da oso herritarren iritziak eta proposamenak biltzea 2030 urtean nahi dugun Orio izateko.