Arerio zuzenekiko aldea handitzen

Karkara 2015ko mar. 10a, 13:23

Argazkia: IƱigo Exposito

1-0 irabazi zuen erregional preferenteko taldeak Astigarragako Mundarroren aurka. Lider jarraitzen dute bost puntuko aldearekin.

Ikusmina sortu zuen Astigarragaren kontrako partidak. Mendibeltzen 200 zale inguru bildu ziren; batzuk Astigarragako Mundarro animatzera, jaitsiera postuak atzean utzi nahi baitzituzten; besteak, Oriokori babesa ematera, lidertza sendotzeko helburua baitzuten. Partida 1-0 amaitu zen, Orioren alde.

Urnietak eta Euskaldunak, Orioren arerio zuzenak, galdu egin zuten. Hortaz, aukera ezin hobea zen Oriorentzat garaipena eskuratzea. Hiru puntuak etxean geldituz gero, aldea handituko lukete. Eta, aukera baliatu zuen Oriok, ez zuen huts egin.

Gogotsu ekin zioten partidari oriotarrek. Lehen zatian ez ziren aukera asko egon, baina egon ziren gutxiak oriotarrenak izan ziren. 35. minutuan iritsi zen gola, hain erabakigarriak diren baloi geldiko jokaldi batean. Xabier Requejok egin zuen falta jaurtiketa eta zuzenean sartu zuen gola, gol ederra.

Atsedenaldira iritsi aurretik 2-0 sartzeko aukera izan zuten oriotarrek, baina Ander Dorronsororen jaurtiketa langara joan zen. Atsedenaldira 1-0 emaitzarekin iritsi ziren, eta bigarren zatian emaitza horri eustea lortu zuten etxekoek. Oriokok kontrolpean izan zuen partida eta Astigarraga ez zen gai izan abagune garbirik sortzeko.

Emaitza horrela, Oriok bigarren postuan dagoen Euskaldunari 5 puntuko aldea ateratzen dio, eta hirugarren postuan dagoen Urnietari 9 puntukoa. Vasconia laugarren dago 10 puntura. Datorren astean Dunboa Eguzki taldea izango dute aurkari. Irunen jokatuko den partida garrantzitsua da oso oriotarrentzat, aldea handitzeko edo aldeari eusteko aukera aparta baita.

Gainontzeko partidetan ere garaipen ugari

Ohorezko jubenilek ere irabazi egin zuten, 1-2 Real Unionen aurka. Golak Ander Etxeberriak eta Cris Hernandezek sartu zituzten. Hiru puntuekin jaitsiera postuetatik kanpo geratzen dira oriotarrak, eta hori zen Orioren helburua.

Jubenilak txapeldun fasea jokatzen ari dira. 1-1 emaitzarekin amaitu zen partida, Leire Manterolak azken minutuan sartutako golari esker. Hirugarren daude fase honetan, hortaz, orain arteko postuan mantentzea lortu dute.

Txapeldunen fasea jokatzen ari den beste taldea infantil txikiena da. Hauek irabazi egin zuten, 3-1. Golak Iñaki Alonsok, Iker Coladok eta Johanes Agirrek sartu zituzten. Garaipen honekin sendo jarraitzen dute bigarren postuan, Realaren atzetik.

Kadeteak kopa ari dira jokatzen. Bi talde daude kategoria honetan, bata hirugarren multzoan eta bestea laugarrengoan. Hirugarren multzoko taldeak 3-1 galdu zuten. Gola Mikel Garatek sartu zuen. Laugarren multzoko taldeak 2-0 irabazi zuen Internazionalen aurka. Iker Santamaria eta Diego Montilla izan ziren goleatzaileak. Kopako finalerdietara sailkatzeko aukerak dituzte bi taldeek, eta hori lortzen ahaleginduko dira.

Infantilak ere kopa jokatzen ari dira zortziko futbolean. Asteburuan partida zaila izan dute Intxaurdiren aurka. Ezin izan dute garaipena lortu eta hiru goleko aldearekin galdu dute partida. Orioko 2 - 5 Intxaurdi. Etxeko taldearen golak Izaro Gonzalez eta Miren Zipitriak sartu dituzte.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide