Bateletan 4 lider sendo

Karkara 2015ko mar. 9a, 11:00

Argazkia: Xabi Uzturre

Asteburu oparoa izan da Orio Arraunketa Elkarteko batelentzat. Gipuzkoako Ligako bi jardunaldi jokatu dituzte eta bietan lau garaipen lortu dituzte.

Lau garaipen larunbatean eta beste lau igandean. Gipuzkoako Batel Ligan Orioko lau talde lider daude, lider sendo, orain arteko jardunaldiak irabazita. Emakumezko infantilak, jubenilak, gizonezko infantilak eta gizonezko kadeteak dira talde horiek.

Larunbatean Loiolan izan zen estropada, ligako 8. jardunaldia. Orioko 13 ontzik hartu zuten parte eta bostek garaipena lortu zuten. Emakumezko infantilak, jubenilak, gizonezko infantilak, kadeteak eta jubenilak.

Emakumezko infantilek 5:11:66 denbora egin zuten, Tolosaldeako taldeari ia bi segundo atera zizkioten. B taldeak seigarren egin zuen, hogeita bi segundora. Etorkizuneko emakumezkoetan seigarren eta hamabigarren postuak lortu zituzten. Jubeniletan garaipena eskuratu zuten, 9:50:19 denborarekin. B taldea bosgarren sailkatu zen 56 segundora.

Gizonezkoetan, infantilak, hirugarren postuan sailkatu ziren 4:52:87 denbora eginda. Emaitza horrekin lider jarraitzen dute ligan. Beste hiru taldek ere hartu zuten parte, eta laugarren, hamargarren eta hamahirugarren postuetan sailkatu ziren. Kadeteetan ere lider daude, larunbatean 6:44:23 denborarekin irabazita. B taldea hirugarren sailkatu zen zortzi segundora.

Bestalde, seniorrek ere irabazi egin zuten, baina ez dira ligan lehiatzen ari. Hau da, seniorren talde ligaz kanpo dago eta ez da sailkapen ofizialean sartzen. Horrez gain, jubenilek aurten uko egin diote ligari, arraunketa olinpikoko denboraldia ahalik eta ondoen prestatzeko.

Igandean Pasaian izan zen estropada eta Oriok beste lau garaipen lortu zituen. Emakumezko infantilek estropada bi segundoko tartearekin irabazi zuten. B taldeak 29 segundo gehiago behar izan zituen estropada bukatzeko. Etorkizunekoek hirugarren eta hamabigarren postuan amaitu zuten estropada. Jubeniletan irabazi egin zuten, beste behin, 10:08:38 denborarekin. B ontziak bosgarren egin zuen kategoria horretan.

Gizonezkoetan, infantiletan, irabazi egin zuten 4:42:74 denborarekin. Beste hiru taldeek bosgarren, seigarren eta hamabigarren amaitu zuten. Kadeteetan irabazi egin zuten 6:59:31 denbora eginda. B taldeak zortzigarren egin zuen, irabazlearengandik 25 segundora; eta C taldeak minutu eta erdira amaitu zuen estropada.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide