Mandalara taldea San Filippo gaixotasunaren aurkako Reiki Maratoian

Karkara 2015ko mar. 11a, 09:08

Argazkia: stopsanfilippo.org

Martxoaren 14an eta 15ean egingo da Aiete jauregian, eta Mandalarak mandalekin parte hartuko du gaixotasuna ikertzeko diru-bilketa maratoian

Oierrek bost urte ditu eta San Filippo gaixotasuna dauka. Bizi-itxaropen txikia dute gaixotasuna dutenek, nerabezarora arte Orierren kasuan. Badute esperantza bat, ordea, laborategi bat gaitza ikertzeko prest agertu baita; baina dirua behar dute horretarako. Horregatik, Reiki maratoia egingo dute Donostiako Aiete jauregian datorren asteburuan, martxoaren 14an eta 15ean, San Filippo dutenentzat dirua biltzeko.

Reikiaz gain, yoga, shiatsu, tai-chi, meditazioa, kinesiologia eta beste hainbat teknika egin ahal izango dira maratoian. Mandalara taldeak ere harri-koskorra ekarriko du Oierren aldeko ekimenean: mandalak egiten egongo dira larunbatean, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Maratoirako sarrera 5 eurokoa izango da, eta prezio horretan sartuko dira konferentziak. Saioak, bestalde, 10 euro ordaindu beharko dira bakoitza, edo 25 euro hiru sesio. 10:00etatik 20:00etara egongo da irekita larunbatean, eta 10:00etatik 14:00etara igandean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide