Oriotarrak presente IX. Sari Nazionalen galan

Karkara 2015ko mar. 9a, 08:21

Saridunen artean oriotarrak izan ziren: Orio Arraunketa Elkartea, Imanol Garmendia eta Ander Zabala. 2014 denboraldiko klub onenaren eta promesa onenaren saria jaso zuten, hurrenez hurren.

Larunbatean izan zen gala, Torreviejan. 2014 urteko Arraunketa Sariak banatu ziren, eta omenduak izan ziren Orio Arraunketa Elkartea, Imanol Garmendia eta Ander Zabala.

Beren historiagatik eta 2014 urtean arraunari egindako ekarpenagatik saritu zuten Orio Arraunketa Elkartea. 130 urte baina gehiagoko ibilbidea du OAEk, estatu mailan erreferente bilakatu da. 1879an hartu zuen parte lehen estropadan, eta, ordutik, etengabeko hazkuntza izan du klubak.

Modalitate guztietan lehiatzen da, arraunlari askoren partaidetzarekin horietako bakoitzean. Federatu kopurua handia da oso –bai fijoan, bai mugikorrean, 168 lizentzia tramitatu dituzte aurten.Baliabide aldetik ere aberatsa da, are gehiago teknifikazio zentroa ireki zenetik.

Horrez gain, urte hauetan guztietan lortutako garaipenek ere eman diote omenduak izateko merezimendua, 665 finkoan eta 213 domina Espainiako arraun olinpikoen txapelketetan. Iazko denboraldian 100 sari baina gehiago irabazi zituen, esaterako.

Horregatik guztiagatik 2014 denboraldiko klub onenaren saria Orioko Arraun Elkarteari eman zitzaion. Saria jasotzera joan ziren Ibon Huegun Orio Arraunketa Elkarteko presidentea eta Joxerramon Garate presidente ordea.

Saria jasotzera joan ziren beste bi Imanol Garmendia eta Ander Zabala izan ziren. Bikotea munduko txapeldun izan zen 23 urte azpikoen mailan Jaime de Haz eta Alvaro Romerorekin batera. Varesen lortutako urrezko dominaz gain, garaipen garrantzitsu gehiago lortu zituen laukoteak. Gazte horiek 2014 urteko promesa onenak izateagatik saritu zituzten.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide