Aramendi eta Ziani paradisuan surfean

Karkara 2015ko mar. 10a, 12:58

Zazpi neska, beste hainbeste taula, itsasontzi bat eta paradisua: Maldivak. Indiako Ozeanoraino eraman ditu surfak Ziani eta Aramendi, eta bideo bat ekarri dute beren gozamenaren erakusgarri.

Urte mordoa daramatzate surfean Ruth Aramendik eta Sonia Zianik. Afizio baino, pasio dute olatuak hartzea. Indiako Ozeanoraino eraman ditu orain pasioak: beste bost neskekin batera Maldivasen izan dira bederatzi egunez. Igor Bellido eraman zuten berekin, eta bideo ederra ekarri zuten ordainetan.

Noiz hasi zineten surfean, zerk bultza zintuzten surfa egitera?

Ruth: Ni hamar urterekin hasi nintzen. Lehenago ere sartu izan nintzen noiz edo noiz, nire aita surfean aritzen baita. Esan daiteke beregatik hasi nintzela surfean, berak bultzatuta. Hamabi urterekin nire lehen taula erosi zidaten, eta uda osoa Orion pasatzen nuen olatuak hartzen. Hamabost urtera arte uda osoan egunero-egunero sartzen nintzen uretara. Gero lehen udako lanetan hasi nintzen, eta gutxiago egiten nuen surfean. Hala ere, Maldivas-eko bidaiak berriz piztu dit grina, eta gehiago sartu nahi dut aurrerantzean.

Sonia: Ni Iñigo Gaitonekin hasi nintzen surfean, udako ikastaro horietako batean. Hasieratik gustatu zitzaidan, eta taula zahar bat erosi nuen. Txikiegia zen niretzat, eta pare bat aldiz sartuta utzi egin nuen. 17 urterekin Pukasen hasi nintzen lanean eta han taulak eta trajeak nituen erabilgarri. Hor hasi nintzen surfari gehiago ematen. Ordu mordoa sartzen nuen uretan.

Orioko hondartza zer moduzkoa da?

Ruth: Ni hasi nintzenean ondo zegoen. Baina azken urteetan asko aldatu da. Badaude olatu politak dauden egunak, baina gutxi. Olatu bakarra dugu, ezkerra, eta niri ez zait asko gustatzen, bizkarrez joan behar baitut, eta nahiago dut aurpegiz joan. Baina beno, ondo harrapatuz gero olatu polita da.

Sonia: Ni ez naiz Orion aritzen, Zarautzen egiten dut surf hasieratik eta hango klubekoan naiz. Txapelketarako bakarrik agertzen naiz Orioko hondartzan.

Zein helbururekin aritzen zarete surfean?

Ruth: Gozatzeko, lehiatzeko behintzat ez.

Sonia: Niri gustatzen zait txapelketak egitea, baina nolakoa den arabera. Euskal zirkuituak, adibidez, ez dit erakartzen.

Ruth: Ni hamabost urtera arte ibiltzen nintzen txapelketa batzuetan: Donostia, Zarautz... ingurukoetan. Baina orain Oriokora bakarrik aurkezten naiz. Ni uretara gozatzeko sartzen naiz, eta kirola ez galtzeko: nire seme-alabei pasa nahi diet kirol hau, niri aitak pasa zidan bezala.

Sonia: zaila da esplikatzen surfak ematen duena probatu gabe. Askotan galdetzen didate zergatik sartzen naizen uretara neguan, eta nik neuk ere ez dakit ondo erantzuna.

Eta, hortaz bizitzea, inoiz izan al da zuen jomuga?

Sonia: Niri deitu didate Marokoko selekziotik behin edo behin, eta aukera izan dut zirkuituren bat egitera joateko aukera. Baina oso zaila da, lan asko egin behar da surfetik bizitzeko.

Ruth: Nik inoiz ez dut horretan pentsatu. Gainera oso ona izan behar da. Txapelketetan ibiltzen diren neskak ia mutilak bezala dabiltza.

Emakumearentzat gizonarentzat baino zailagoa da. Babesleak lortzeko, adibidez.

Sonia: Babesleen kasuan hau gertatzen da: mutiletan ea onak diren begiratzen dute eta nesketan ea onak dauden. Mutiletan itsusia izan eta ondo surfeatuz gero, marka guztiak atzetik dituzu. Neska batek ona izateaz gain, fisiko polita izan behar du, eta gainera hori erakutsi.

Ruth: Neskaren gorputzarekin egiten dute propaganda markek.

Sonia: Surfeko edozein bideori erreparatzen badiozu, konturatuko zara neskaren ipurdia agertzen dela eta gero mutila surfean. Baina alderantziz, neska surfean badago mutilaren gorputza ez da agertuko.

Maldivasen egon zaretela ikusi dugu. Nola izan zen hori?

Sonia: Obsesio txiki bat izan dut betidanik Maldivas-ekin. Zarautzen surfean aritzen diren mutil guztiak izan dira han, eta nik aspalditik nuen joateko gogoa. Baina bakarrik joateak erreparoa ematen zidan, mutil artera. Zarautzen surf egiten duen beste neska bati esan nion orduan, eta apustu moduan hasi zena hegaldiko txartelen erosketarekin amaitu zen. Jende gehiagori komentatzen hasi ginen, tartean Ruthi, eta azkenean zazpi neska bildu ginen.

Eta pentsatu genuen: zazpi neska Maldivasen, honek bideo bat merezi du. Max Surfaris-ekin eta Igor Bellidorekin hitz egin genuen dena antolatzeko. Igorrek segituan eman zigun baiezkoa, gurekin etorriko zela eta bideoa egingo zuela.

SEXY MALDIVES from igor bellido on Vimeo.

Zazpi nesken artean giro ona izango zenuten.

Ruth: Nik Sonia bakarrik ezagutzen nuen, eta banuen taldean ondo moldatuko ote nintzen beldur pixka bat. Baina oso ondo ibili ginen lehen egunetik.

Denetik entzun genuen joan aurretik: asko haserretuko zarete, zazpi neska itsasontzi batean bederatzi egun hogeita lau orduz...

Nolakoa izan zen bidaia?

Sonia: Ni surfean bakarrik pentsatzen joan nintzen, baina baziren turismoa egin nahi zutenak ere. Hiru orduko hiru bainu egiten genituen egunean: 5:00etan lehena, gosaldu ondoren 9:00ak aldera bigarrena eta 15:00etan bestea.

Ruth: Lehen egunetan zauriz bete ginen, taularekin urratuta eta eguzkiagatik. Gainera ura 28 gradutara zegoen, oso bero, ez gaude ohituta tenperatura horietara.

Zortzi egun pasa genituen itsasontzian. Toki batean ainguratzen zuten eta olatura ontzi txikiago batean eramaten gintuzten.

Sonia: Jende gehiago zegoen itsasontzian gurekin. Suitzarrak, italiarrak, brasildarrak, israeldarrak...

Surfa gozamenarekin lotzen da, ondo pasatzearekin. Baina, gozatzera iristeko lan asko egin beharko da ezta?

Ruth: Bai, prestaketa behar duzu. Besoak, kaxa torazikoa... asko landu behar dira.

Sonia: Udan bakarrik sartzen bazara uretara, urte batetik bestera asko galtzen duzu.

Ruth: Nik ez dut neguan surfik egiten, baina igeri egiten dut, eta horrek laguntzen dit mantentzen.

Sonia: Gero burua ere behar da uretan, urduritasuna eta beldurrari aurre egiteko.

Kirol asko egiteari gaztetan uzten zaio. Futbolari bat, esaterako, 34 urterekin jada zaharra da futbolean aritzeko. Surfean ere horrela da?

Ruth: Australiara joaten bazara 80 urteko jendea surfean ikusiko duzu. Hemen ez dago kultura hori, baina leku askotan bizi-estiloa da surfa. Zarautzen ere badago surfean aritzen den jende heldua.

Sonia: Gu ere, bizkarrak uzten digun arte hor egongo gara. Ruthek esan duen bezala, bizi-estilo bat da. Ni beti adi nago marea eta olatuak nola dauden, lagunekin banago ere. Izan ere, planak horren arabera egiten ditut askotan. Bainu bat galtzen badut gaizki sentitzen naiz.

 

Ruth Aramendi eta Sonia Ziani from Karkara Aldizkaria on Vimeo.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide