Ikus-entzunezko komunikazioa ikasten hasi zen irailean Iratz Urkizu. Baina, ikus-entzunezkoen sektorea ezagutzen eta ezagutza horretatik ikasten lehenago hasi zen. Ikasten jarraitzeko gogoz dago oriotarra.
Zergatik ikus-entzunezko komunikazioa?
Lizardin ikasi nuen nik DBH. Denak han gelditu ziren, baina niri buruan artistikoa egin behar nuela sartu zitzaidan. Hortaz, Donostiako Usandizagara joan nintzen batxilergo artistikoa egitera. Bi urte egin nituen han, eta azkenengoan ikus-entzunezkoen ikasgaia tokatu zitzaigun. Orduan ikusi nuen ez nuela arte ederretako bidea hartu nahi, benetan gustatzen zitzaidana argazki kamerak, bideoak egitea eta abar zela.
Gurasoei esan nien eta gustatzen zitzaidana egiteko aholkatu zidaten. Begira aritu ginen. Leioa teoria asko lantzen zen; begira jarraitu eta Mondragon Unibertsitatea topatu genuen, praktikoagoa zena. Arrazoi horregatik, besteak beste, Mondragonera joan nintzen. Egia esan gustura nago.
Kamera aurrean ikusi zaitugu askotan, bereziki Luako argazkietan.
Luan erosten nuen arropa; eta Udara batean, Luara joan nintzenean, arroparekin argazki batzuk ateratzea proposatu zidaten. Ni beti lotsatia izan naiz, baina faborea egingo niola esan nion. Argazki batzuk atera genituen eta gustatu egin zitzaizkion. Ni ere gustura aritu nintzen.
Argazki horiek ikusita, bat-batean, ez danik nola, nire profileko pertsona bat behar zutela esanez deitu zidaten. Giri itxurako pertsona bat behar zutela eta castingera joateko eskatu zidaten. Sekula ez nuen horrelako aukerarik mahai gainean jarri, planteatu.
Joatea erabaki nuen. Hartuz gero, ondo; eta bestela ere esperientzia berri bat probatzea ondo zegoela uste nuen. Joan, galdera batzuk erantzun, eta deituko zidatelakoan gelditu ginen. Bi egunetara ziren deitzekoak, eta ez nuenik deia jaso, ezezkoa izango zela uste nuen. Baina, hortik gutxira, hartu egin zidatela esan zidaten.
Guztia Luako argazkietatik hasi zen.
Zer bideotaz ari gara?
Donostia ezagutarazteko bideo bat zen, turistei erakusteko Donostia nolakoa den. Gu kanpotik Donostiara etorritako kanpotarrak ginen, oporretara etorri ginenak. Oporretako egun batean Donostian zer egin daitekeen erakutsi behar genuen.
Gazteek egiten dituzten gauzak egin genituen: jazzaldira joan, surfean ibili, arropa erosi... Horrez gain, bikote eta familia bat era zegoen.
Hiru eguneko grabaketa izan zen. Egun bakoitzean hainbat ekintza egin eta grabatzen genituen. Lehendabizikoa Jazzaldian izan zela gogoratzen dut, kontzertuan geundela grabatu genuen. Ez geneukan gidoi bat, momentu bakoitzean zerbait egiten ari ginen, inprobisatzen, eta eurek grabatu egiten zuten.
Gustatu zitzaizun esperientzia? Ikusitakoa?
Udaran grabatu genuen eta nik ikus-entzunezkoak ikasi behar nituenez, kamera aurrean eta atzean nola aritzen ziren ikusteko ondo etorriko zitzaidala uste nuen. Oso ondo pasa nuen grabatzen, kamera aurrean; baina grabaketa eteten zenean kameralariena joaten nintzen nola lan egiten zuten ikusteko.
Galdera asko egiten nituen. Denbora librean berengana joaten nintzen gauzak nola egiten zituzten jakiteko. Gradua ikasteko gogo handiagoa eman zidan.
Orain graduan hasi zarela, denbora izan duzu kamera atzean egoteko?
Aukerak izan ditugu, ahozko komunikazioan adibidez, irratian hitz egiteko. Kamera aurrean lantxo bat egiteko aukera ere izan genuen. Remakeak eta holakoak egitea ere egokitu zaigu, taldeka, kamerak nola funtzionatzen duen jakiteko. Lan horietan kamera aurrean eta atzean egotea tokatu zaigu.
Lotsatia izan naiz beti horrelako gauzetako, nahiz eta ez duen ematen. Errespetua eman didate horrelako kontuek, baina denborarekin eroso sentitzen naiz.
Kamera aurrean ala kamera atzean. Goizegi da bietako bat aukeratzeko?
Ez dakit. Oraindik graduan nola ez dudan landu bereziki-bereziki kamera atzekoa nola den... Probatzean esan beharko nizuke. Oraintxe bertan, igual, aurrean ikusten naizela esan diezazuket. Probatu egin dudalako, ahozko komunikazioan ikusi dudalako aurrean erraztasun handiagoa dudala... Baina, oraindik, ezin dizut esan, ez baitut oraindik bestea ezagutzen.Binahien zauden ere ikusi dugu. Donostiako spotarena egin genuenean, Binahik antolatzen zuen castinga. Morgan Creativosek egiten zuen gainontzekoa. Hortik Binahien sartu nautela uste dut, eta hortik atera zitzaidan Woman Secret markarekin desfilea egitea shopping gauean. Gabonetan Terolen sketch batean Hawaieko baten azalean jartzea egokitu zitzaidan, extrarena egitea. Hainbat kontutan parte hartzeko aukerak suertatu zaizkit eta aukera horiek ondo datozkidala uste dut.