Ezin gehiago eskatu, ezin gehiago eman. Ia astebururo hiru puntuak lortzen dituzte, 21 partidetatik 16 irabazi dituzte; eta, oraingoan ere, horrela izan da. Etxetik kanpo jokatu dute, Oreretako Don Bosko zelaian. Larunbat arratsaldean izan zen partida, euria barra-barra ari zuenean.
Pasaia zuten aurkari. Taulan azken bigarren sailkatutako taldea da, 12 puntu dituena. Datuei eta puntuei begiratuta, partida erraza zirudien, gorabehera gutxikoa. Eta, uste bezala joan zen, erraz oriotarrentzat. Partida hasieratik nagusi izan ziren oriotarrak, eta bi gol jaso arren, lau sartu zituzten. Hortaz, bi goleko aldearekin eta nagusitasun osoz irabazi zuten partida, 2-4.
Horrez gain, gainontzeko ia partida guztietan ere emaitza onak lortu zituen Oriok. Ohorezko jubeniletan alde handiarekin irabazi zuten, 6-0. Jubeniletan, ordea, galdu egin zuten, 3-1. Kadeteetan, hirugarren multzoko taldeak atsedena zuen, baina laugarren multzokoak 0-2 irabaz zion S.A.N.S.E. taldeari. Infantiletan bana berdindu zuten Oriok eta Ordiziak; eta zortziko futbolean 3-2 irabazi zuten La Salleren aurka oriotarrek.