Beste txapela bat gehiago jantzi du Olidenek. Beste garaikur bat gehiago armairura. Manta bat gehiago berotzeko. Larunbatean 2014 urteko Euskadiko Txapelketa jokatu zen Elgoibarren eta Iñaki Olidenek irabazi zuen, erraz, gainera.
Iaz, 2014 urtean, lehiaketa guztietan lortutako puntuak batu, eta batuketa horretan puntu gehien dituzten idiek finala jokatu zuten urte bukaeran, BBK deituriko lehiaketan. Txapelketa horretan lehen hiru pareek Euskadiko Txapelketarako txartela eskuratu zuten.
Ospea duen txapelketa da, entzutetsua oso. Iñaki Oliden, Andraka sagardotegia eta Txomin Renteria iritsi ziren sona handiko lehiaketara. Eta onenen artean onena Oliden izan zen. Zailtasun handirik gabe irabazi zuen txapela, 54 zinta eta 1,53 zentimetro eginda. Bigarren postuan Andraka sagardotegia gelditu zen, 48 plaza, 3 zinta eta 3,58 zentimetrorekin. Hirugarrena Txomin Renteria izan zen, 37 plaza eta 3 metro eginda.
2030 kiloko harria mugitu behar izan zuten. Iñaki Olideni egokitu zitzaion hastea. Itzaiak Oliden bera eta Iketza izan ziren. Aurrenengoak ginenez, topera joan behar genuen, azaldu digu. Besteek ezin izan zuten Olidenek jarritako marka gainditu. Berak azaldu duen bezala, besteak ez ziren iritsi espero zen tokia. Batez ere Renteriak harritu ninduen, finalean bigarrena gelditu baitzen.
Txapelketa Sigma plazan jokatu zen, Olidenentzat oso ona. Plaza berria da Elgoibarkoa, duela urtebete egokitutakoa. Lehen aldia da ofizialeko txapelketak plaza horretan jokatzen direla. Kintopekoak jokatu dira, lehenago, baina ofizialak ez.
Euskadiko Txapelketa hau, Olidenek irabazi duena, ETB1en emitituko dute martxoaren 8an. Gutxi gorabehera 11:00ak aldera izango da emisioa.