2015 urteko aurrekontua ez da aho batez onartu

Karkara 2015ko ots. 27a, 16:47

Orain eta Bilduren baiezkoarekin, gehiengo absolutuarekin, onartu dira 2015 urteko aurrekontuak. EAJk ezezkoa botatu du.

Iluntzeko 20:00etan bildu ziren Udala osatzen duten politikariak, bost herritar eta kazetariak udalbatzarrean. Lasai joan zen ohiko bilkura, eta onartzeke zeuden bederatzi gaiak gehiengo absolutoz baietsi ziren. 

2014ko urriaren 30ean, azken ohiko bilkuran, egindako aktaren zirriborroa onartzearekin hasi zen plenoa. Azken puntuan, Itsas Enea Ornitologia Elkarteak aurkeztutako mozioan Motondo eremua ehiza babesleku izendatzeko, ekarpena egin nahi izan zuen Orain plataformak.

Batetik, aktan ez dela errealitate guztia jasotzen salatu zuten. Izan ere, mozioa, Orainek eta EAJk esku artean izan baino hilabete eta erdi lehenago prest zegoen. Mozioa denbora horretan non egon den aktan jartzeko premia ikusi zuten Orainekoek.

Bestetik, Itsas Eneakoekin eta udaleko teknikariekin bildu ondoren, Udaleko aholkulari eta teknikariari txosten juridikoa egiteko eskatu zieten. Azaroan izan zen hori eta oraindik esperoan daude. Txostena jaso arte ezin diete erantzunik eman ornitologia elkartekoei, eta hori ere azpimarratu nahi izan dute.

Zehaztapen horiek eginda, 2014ko urriaren 30ean egindako ohiko bilkurako aktaren zirriborroa onartu zuten aho batez, hamaika botorekin. 

Legealdiaren laugarren aurrekontua 6.700.000 eurokoa

2.800.000 euro pertsonalera, 2.525.000 ohiko gastuetan, 1.000.000 euro diru laguntzetan eta 375.000 inbertsioetan. Sarrerak eta gastuak orekatuta egon behar dute aurrekontuetan, eta hori horrela izan zedin ahalegindu dira. 6.709.102 euroko gastuak eta sarrerak aurreikusten dira.

Gastu printzipalak, partida nagusiak, Casas Baratas etxeen ordainketa eta Orioko Hiri Antolamenduaren Plan Orokorra izango dira; 25.500 euro eta 61.550, hurrenez hurren. Dena den, bai etxebizitzen ordainketak, bai plan orokorrak datozen urteetako gastuetan tokia izango dute. 

Gastu horiez gain, badira beste hainbat inbertsio: Ludoteka egiteko obra zibilak 60.000 euro eta edukiak 8.000 euro, saneamendu lanak 6.000 euro, Salatxo aretoan euskaltegi zerbitzua jartzeko egokitzapenak 7.000 euro, Orioko Udal Kanpineko lanetarako 150.000 euro, bide publikoetarako 6.000 euro, Karela kiroldegirako 12.000 euro, argiteria konpontzeko 13.000 euro, Zaharren Babeslekua txukuntzeko 8.000 euro, Talai Mendi elkarteko lanetarako 4.500 euro, Zaragueta Herri Eskolarako 11.500 euro, Mendibeltzeko garaje eta auto-babes planerako 2.662 euro, Musika Eskolako inbertsioan 500 euro, ekipamendu informatikoan 3.000 euro eta bulego teknikorako ibilgailua erosteko 7.000 euro, besteak beste.

Orainek adostasuna adierazi du, baina hiru baldintza ezarri ditu. Bata, Anibarko portuko parkinean markak margotzea; bestea, errepidean bidegorria egitea Arrantzale kaletik Eusko Gudarien kalera; eta, azkenik, 2014ko ostalaritzako diru-laguntzatik sobratu zenari 6.000 euro gehitzea. Denera, 11.000 eurotako diru-laguntza geldituko litzateke ostalaritzarako. Orainek eta Bilduk baietz botatu dute, eta gehiengo absolutoarekin onartu da 2015 urteko aurrekontua.

Eztabaida EAJren eta Bilduren artean

EAJ, ordea, desados agertu da. Aurrekontuan egokitzapenak egin behar izan dira, biztanle kopuruaren araberakoak, Foru Aldundiak horrela eskatuta. EAJren ustetan, Orioko alkatearen lana da egokitzapenen berri ematea eta alkatearen eskumenak zeintzuk diren jakinaraztea. Alkatearen eginbeharrak direla iruditzen zaie, beren ustetan, bete ez dituenak. 

Beñat Solaberrietak batzorde bilera deitu zuela eta EAJ joan ez zela gaineratu du. Urtarrilaren 26an zirriborroa bidali nien beste bi alderdiei, emailez, azaldu du. Alderdi bakoitzak, ordutik, proposamenak egiteko aukera izan du. Orainek egin ditu proposamenak, aintzat hartu direnak, baina zuek ez duzue proposamenik egin.

EAJkoek azaldu dute batzorde bilerara joatea ezinezkoa zutela. Eta, bilerara joan ez zirenez, ekarpenak egiteko aukera itxi zaiela salatu dute. Alkateak erantzun die esanez interesa erakutsi duenak aportatu duela eta formatu aldaketa –aurrekontuen egokitzapena– denei batera iritsi zaiela. Hortaz, alor horretan berdintasunean daudela. Horrenbestez, EAJk informazio falta salatu du eta Bilduk eztabaidatzeko batzordera joateko betebeharra azpimarratu du.

Zaborra, enplegua eta kultura: polemikarako hiru arlo

Horrez gain, EAJ aurrekontuko hiru punturekin ez zegoen ados. Kezka adierazi zuten zaborraren kudeaketaren zerbitzuaren prezio igoerarekin, izan ere, aurreko aurrekontutik %20 igo da honen gastua. Solaberrietak erantzun zien zabortegia ixtearen ondorio izan dela, horrek gainkostua ekarri baitu. Orainek ere iritzia eman nahi izan du, eta inkrementuaren arrazoi bakarra zabortegiaren itxiera ez dela azaldu dute. Miriam Uranga alkateordeak kontatu du 2006an, aurrekontu altuena zegoen urtean, Udalak aurrera begirako probisionalik ez egitea erabaki zuela, eta orain horren ordainak etorri zaizkiela, mankomunitatearekin zorra baitu Udalak. 

Kulturan aurrekontu txikiagoa izateak ere kezka sortu die EAJ alderdiko kideei. Alkateak argitu die esanez azken bi urtetako exekuzioaren arabera egin dutela aurrekontua. Eta, gaineratu du, elkarteei ez zaiela diru laguntza jaitsi.

Amaitzeko, partidetan enpleguaren sustapenak tokirik ez izateak ez zaie gustatu EAJkoei. Solaberrietak hori Urola Kostako Udal Elkarteak lantzen duela erantzun die. Gainera, behin baina gehiagotan aurrekontuetan markatu eta ondoren ez dela gauzatu aitortu du.

Gainontzeko gaiak zalapartarik gabe onartu ziren

Udalaren 2015eko plantilla organikoa eta lanpostuen zerrenda onartu zen ondoren, aho batez. Aurreko urtearekin alderatuta, aldaketa txiki batzuk eman dira plantillan, kanpineko zuzendaritza eta turismo teknikariak lanpostua utzi baitzuen. Horrez gain, eskolako atezainaren postua, murrizketen ondorioz, desagertu egin da. Horren ordez, Udalak bitartekari-funtzionari moduan, balio anitzeko lanpostua aterako du.

Beste gai bati heldu zioten ondoren, Santiago Etxeberria Irastortzak eta Carpintería Botaleku SA entitate merkantilak formulatzen duten hitzarmenari. Botaleku exekuzio-unitatearen barruko lurren jabeak dira eta hitzarmena eremu hori kontzertazio sistemaren bidez gestionatzeko formulatu dute. Guztiek baietz bozkatu zuten.

Ludotekaren gaia jorratu zuten gero. Oioko Iturbide kalean udal ludoteka bat egokitzeko obren proiektu teknikoari baiezko botoa eman zioten guztiek. Proiektua udal arkitektoak idatzi du, lanak kontrata bidez egingo dira eta exekuzio-aurrekontua 199.383,87 eurokoa da. Lanen exekuzioaren kontratazioa publizitaterik gabeko prozedura negoziatu bidez egitea onartu zuten, aho batez.

Orioko bake-epaitegiko langile publikoek mozioa aurkeztu zuten, uztailaren 4ko 8/2014 Errege Dekretuan ezarritakoaren kontra. Errege dekretu horrek erregistratzaile merkantilen esku uzten du erregistro zibilaren gestioa. Udalak onartu egin zuten, hamaika aldeko botorekin, bake-epaitegiko langileek aurkeztutako mozioa.

Beste mozio bat ere onartu zen, aho batez. UEMAk aurkeztutakoa zen hau eta euskaldunoi ezartzen zaizkigun oztopoak salatu eta euskaraz bizitzeko nahia aldarrikatzen zuen.

Amaitzeko, aitorpen instituzionala egin zuen Orioko Udalak datorren martxoaren 8ari begira. Emakumeen Nazioarteko Egunaren ospakizunari buruzko aitorpen horrekin batera pasaden igandean Orion ustez gertatutako genero biolentzia salatu nahi izan zuten. 

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide